Txantiloi:2013-25 Nabarmendutakoa

Wikipedia, Entziklopedia askea

Zinemaren historiak XIX. mendearen azken urteetan sortu zen arte mota horren bilakaeraren berri ematen du, filmen ekoizpenean gauzatua. Hasiera batean dibertimendu soila izan zena, XX. eta XXI. mendeetan gizakiak komunikatzeko eta aisialdirako baliabide bihurtu du, industria ondo garatua izateaz bestera. Antemio Trallesekoak VI. mendean kamera ilun moduko bat erabili bide zuen. Gerora Alhazen fisikari arabiarrak, 1021ean, halako kameren aipua eta deskribapena egin zuen optikari buruzko liburu batean. Giambattista della Porta zientzialariak hainbat saio egin zituen tresna hobetze aldera XVII. mendearen hasieran. Simon von Stampfer asmatzaile austriarrari zor zaio Stroboscope deituriko aparailua, Joseph Antoine Ferdinand Plateau belgiarrari Phenakistoscopea eta William Horner britaniarrari Zoetrope hura. Hirurak irudiak mugimenduan aurkezteko gailuak ziren, 1830 inguruan diseinaturikoak. 1877an Eadweard Muybridgek 24 kamera baliatu zituen zaldi bat trostan filmatzeko (Sallie Gardner at a Gallop). Palo Altoko (Kalifornia) etxalde batean eginiko saio honek helburu bitxia zuen: agerian lagatzea une batean zaldiaren lau hankek zorua ukitzen ez zutela. 1888an Louis Le Princek Roundhay garden Scene delakoa filmatu zuen, bi segundo zirauena, eta zeluloidean egin eta gorde den zaharrena. 1889an William Friese-Greenek chronophotographic izeneko kamera patentatu zuen. Segundoko hamar argazki egin ei zitzakeen eta ertzetan zulaturiko zeluloidea zerabilen. Garai hartako zientziazko prentsak asmakizunaren berri jaso zuen, eta asmatzaileak berak hartu-emana izan zuen Thomas Edisonekin, zeina sasoi horretan bertan antzeko gailu bat sortu nahian zebilen: Kinetoscope izenekoa. Friese-Greene bere asmakizuna jendaurrean probatzen saiatu zen, arrakastarik izan gabe baina. W. K. L. Dicksonek sortu zuen, Edisonen gidaritzapean, egokiro-edo lan egiten zuen aurreneko kamera: kinetoskopea. 1891n patentatua, 1893an eskaini zituen lehenengo emaitza onak, eta beroiek ikusi ahal izateko pertsona bakar batek erabili ahal zuen tramankulua behar zen, kinetoscopea. Ez zuen bere horretan arrakasta handirik izan. Charles Francis Jenkins asmalariak sortu zuen Phantoscope zeritzon proiektagailua, jendaurrean erabiltzekoa eta ikusle askoren esku uzten zuena lan zinematografikoaren emankizuna; 1894an egin bide zuen lehen proiekzioa. Hurrengo urtean, 1895ean, Lumière anaien proiektagailuaren berri izan genuen: 1895eko abenduan Parisen jendaurreko lehenengo emanaldiak eskaini zituzten eurek landutako zinematografoa erabiliz.