Txantiloi:2014-38 Nabarmendutakoa

Wikipedia, Entziklopedia askea

Yezidiak (batzuetan yazidi, jazidi edo ezidi izenez aipatuak; kurdueraz: êzidîtî; arabieraz: يزيدي‎) kurduen komunitate etniko-erlijioso bat da. Haien erlijioa sinkretikoa da, eta zoroastrismoa eta Mesopotamiako erlijioak ditu oinarri. Irakeko iparraldeko Ninive probintzian bizi dira batez ere. Eskualde hura lehenago Asiriako hiria izan zen, eta Neo-asiriar inperioaren hiriburua. Armenia, Georgia eta Siriako komunitate txikiagoak gutxitu egin dira, askok Alemaniara zein Europako beste hainbat lekutara emigratu dutelako. Yazidiek sinesten dute jainko bakar bat existitzen dela, munduaren sortzaile. Mundua sortzean zazpi «gorputz santu»ren edo —aingeruren— eskuetan jarri zuen zaintza. Haietan nagusia —goiaingeruaMelek Taus da, edo «Aingeru Pauma». Aingeru Pauma, munduaren agintea duena da, eragiten duena jendeari ona edo txarra gertatzea. Izaera anbibalentea du, eta haren jatorriaren mitoek ere hala diote, Jainkoaren faboretik urrundu zenean bere negarrarekin itzali baitzuen infernuko sua, Jainkoarekin berriro elkartu aurretik. Sinesmen hori harremanetan dago sufien Iblis aingeruaren mistizismoarekin. Sufien Iblisen tradizio honekin duten lotura dela eta, beste erlijio monoteista batzuetako jarraitzaileek diote Aingeru Pauma Satan bera dela, eta horregatik mendeetan zehar inguruko beste fededunek jazarri izan dituzte, «deabrua gurtzeagatik». Yazidien jazarpena nozitu ohi dute gaur egungo Iraken ere, bai Saddam Husseinen gobernuarekin bai eta sunitar islamaren jarraitzaileen aldetik. 2014ko abuztuan Irakeko eta Sortaldeko Estatu Islamikoak yazidien aurkako jazarpena abiatu zuen, Irak «arazteko» kanpainaren barruan.