Txantiloi:2014-7 Nabarmendutakoa

Wikipedia, Entziklopedia askea

Soađegilli edo Sodankylä (inarieraz: Suáđigil; skolteraz: Suäˊđjel) Lappi eskualde finlandiarreko udalerria da. Herrialde osoko azalera handiena duen udalerria da Inari ondoren; izan ere, 12.416,81 km²-ko azalera dauka, bi Nafarroak bezain handia. Honen ondorioz, Inarirekin iparraldean, ekialdean Savukoskirekin eta Kola raion errusiarrarekin, Kittilärekin mendebaldean, eta Kemijärvi, Pelkosenniemi eta Rovaniemirekin hegoaldean egiten du muga. Ipar Lappiko udalerrietan ez bezala, biztanle guztiak bizigune batean pilatzen dira, Sodankylä herrian; hala ere, udalerria hainbat herrixketan dago banatua. Finlandiera eta iparraldeko samiera dira hizkuntza ofizialak, baina lehenengoa da nagusi udalerri osoan, samitarren kopurua oso urria baita eta euren hizkuntza dakitenen kopurua are txikiagoa (Vuotso lurraldea). Udalerria Sápmi samitarren berezko lurraldean dago eta 1973. urtean Enontekiö, Inari eta Utsjoki bizilagunekin batera, Finlandiako Sami Lurraldea izeneko erakundea sortu zuen; hala ere, Sami Parlamenturako hauteskundeetan samitarrak direnak baino ezin dute bozkatu, biztanleria osoaren %4a.