Txantiloi:2015-28 Nabarmendutakoa

Wikipedia, Entziklopedia askea

Yosemite Parke Nazionala San Frantzisko hiritik 320 km ekialderago dagoen parke nazional bat da, Ameriketako Estatu Batuetako Kalifornia estatukoa.

Parkeak 3.081 km² inguru dauzka, eta Sierra Nevadako mendikatearen ekialdeko magalean. Urtero 3 milioi lagunek baino gehiagok bisitatu ohi dute, eta haietako gehienak Yosemite haraneko zatian baizik ez dira ibiltzen. 1984an parkea gizateriaren ondare izendatu zuten, eta nazioartean ongi irabazia du ospea, bere granitozko amildegiengatik, ur-jauziengatik, kristalantzeko ibaiengatik, sekuoia erraldoizko basoengatik eta aniztasun biologiko handiarengatik(parkeko eremuaren % 95 inguru gune basati izendatua dago). Estatu Batuetako gobernu federalak ezarri zuen lehendabiziko parke nazionala izan zen, eta hainbat pertsonaren lanarekin (hala nola John Muir) parke nazionalen ideia garatzeko eredu nabarmen bilakatu zen.

Yosemite Sierra Nevadako habitat edo bizileku handi eta zatikatuenetakoa da, eta landare nahiz animalia aniztasun handia du. Parkea itsas mailatik 600-4000 metro bitarteko garaieran dago, eta bost landaredi eremu nagusi ditu: haritzen basogunea, behe-mendiko landaredia, goi-mendiko landaredia, landaredi behe-alpinoa eta landaredi alpinoa. Kalifornian dauden 7.000 landare espezieetatik % 50 bizi dira Sierra Nevadan, eta % 20 baino gehiago Yosemite parkearen barnean.