Txantiloi:2015-9 Nabarmendutakoa

Wikipedia, Entziklopedia askea

1916ko Irlandako Pazko Matxinada (irlanderaz Éirí Amach na Cásca, ingelesez Easter Rising), Irlandan 1916ko apirilean, Pazko Astelehenez, Erresuma Batua eta Britainiar Inperioaren agintearen aurka burutu zen matxinada bat izan zen. Matxinada, errepublikarren aldetik Irlandaren kontrola bereganatzeko egin zuten saiakera ezagunena bilakatu zen, bide batez Erresuma Batutik independentzia lortzeko helburu edo asmo garbiz. Saiakera errepublikar iraultzaile hau 1916ko apirilaren 30an jazo zen, Patrick Pearse abokatua buru zuten Irlandar Boluntarioen zati batek (Irlandako Errepublikar Anaitasunaren adar armatua) eta James Connollyren Irlandar Armada Hiritarrak, Dublin hirian kokaleku garrantzitsuak hartu zituztenean, Irlandako Errepublika aldarrikatu zuten.

Gertaera hau, irlandar independentziaren prozesuko aldi erabakigarritzat hartzen da, halere irlandar nazionalismoa eta irlandar errepublikanismoaren barneko zatiketa ere ekarri zuen, garai hartan irlandar nazionalismo autonomistak Britainiar Koroaren menpeko autonomia mugatu bat onartu baitzuen, autonomi gobernuaren hirugarren Legean gauzatzen zelarik (Home Rule), 1914an onartua eta Lehen Mundu Gerra garaian ezeztatua izan zelarik; aldiz irlandar errepublikanismoa Irlandako Errepublika independiente baten aldekoa zen.

Matxinada sei egunetako etengabeko norgehiagoka eta borroken ondoren britainiar soldaduek guztiz zanpatua zuten, halere britainiar garaipen militarra izan arren, benetazko arrakasta edo garaipen morala matxinatuentzat izan zen, Irlandaren independentziaren auzia mundu mailara agerrarazi eta matxinatuek ordurarte zuten irlandar gehienen babesa lortzeaz gain Irlandako Independentzia Gerraren hastapena suposatu baitzuen.