Txantxa (eleberria)
| Txantxa (eleberria) | |
|---|---|
| Jatorria | |
| Egilea(k) | Milan Kundera |
| Sorrera-urtea | 1965 |
| Argitaratze-data | 1967 |
| Izenburua | Žert eta The Joke |
| Jatorrizko herrialdea | Txekoslovakia |
| Ezaugarriak | |
| Genero artistikoa | satirical fiction (en) |
| Hizkuntza | txekiera |
| Fikzioa | |
| Kontakizunaren tokia | Txekoslovakia |
| Historia | |
| Jasotako sariak | |
Txantxa[1] (txekieraz: Žert) Milan Kunderaren lehen eleberria da, jatorriz 1967an argitaratua. Ikasle baten txantxa pribatuak bere bizitza nola kaltetzen duen deskribatzen du, baita bere maitale eta lagunen istorio korapilatsuak ere, Txekoslovakia komunistan.
Istorioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kunderaren eleberri gehienak bezala, liburua zazpi zatitan banatuta dago[2]; zatiek lau pertsonaiaren ikuspuntuak erakusten dituzte, txandaka.
- Ludvik Jahn eskolatik eta Alderdi Komunistatik kanporatu dute, lotsagabekeriagatik.
- Jaroslav haren aspaldiko laguna da, eta cimbalom talde bat du (Ludvikek ere garai batean han jotzen zuen).
- Helena Zemánková irratiko kazetaria da eta Jaroslav elkarrizketatzera doa.
- Kostka irakasle kristaua da.
Eleberria Ludvik jaioterrira itzultzean hasten da, Moravian. Emakume batek (Luciek) ilea mozten dio, eta hura ezaguna duela konturatuta, iraganaz pentsatzen hasten da.
Hurrengo kapituluetan, flashback bidez, 1950eko hamarkadaren hasieran bizitza aldatu zion txisteaz hausnartzen du.
Ludvik ikasleak erregimen komunista babesten zuen. Udako oporretan, klaseko neska batek marxismoaren espiritu osasuntsuaz eta gazte optimistei buruz idatzi zion, eta berak garratz erantzun zion: “Optimismoa gizateriaren opioa da. Izpiritu sano bati ergelkeria kiratsa dario! Gora Trotsky!"
Neskak, presiopean, Alderdiko beste batzuekin partekatu zuen gutunaren edukia. Ludvik ikertzeko batzordea deitu zuten eta bilkura batean —Pavel Zemanek buru zela—, aho batez kanporatu zuten Alderditik.
Ikasleen salbuespena galduta, soldaduskara bidali zuten subertsiboen taldearekin, eta hurrengo urteak meategietan lanean eman zituen Ostravako lan-esparru batean.
Atsedenaldi gutxi edukitzen zituzten, eta horietan soldaduak hirira joaten ziren neskekin ligatzera. Atsedenaldi urri haietan, Ludvik neska batekin maitemindu zen, Lucierekin, eta neska egunero auzolandegiko hesira etortzen hasi zen.
Ludvikek ihes egitea lortu zuen gau batez, neskarekin oheratzeko, baina honek uko egin sexu harremanak edukitzeari. Ludvik haserretu egin zen, eta banandu egin ziren.
Flashbacka amaituta, eta eleberria hasten den egunera itzulita, zientzialari arrakastatsu baina garratz bihurtu da Ludvik. Mendeku-aukera bat ikusi du Helena irrati-erreportaria ezagutu duenean eta Zemanekekin ezkonduta dagoela jakin duenean, honek Ludvik Alderditik kanporatzea bultzatu baitzuen.
Ludvikek Helena seduzitzea erabaki du bere senar Zemanek mintzeko. Kostkak etxea utziko dio. (Hau kristau fedeagatik irakaskuntzatik bota zuten urte batzuk lehenago, baina Ludvikek lan on bat aurkitzen lagundu zion.)
Ludvikek sexu harremanak edukitzen ditu Helenarekin, baina orduan senarrarengandik urte luzez bananduta egon dela jakinarazten dio. Izan ere, Zemanekek amorante bat hartu du. Beraz, Ludvikek mesede bat egin dio Helena dibortziatzera bultzatuz.
Ludvik Kostkarekin biltzen da, eta hark baieztatzen dio bizartegiko neska Lucie zela, eta ondo ezagutzen duela: iraganeko traumen berri kontatu zion neskak, kristautasunera bihurtu zuen, eta emaztea engainatu zuen harekin. Ludvik asaldatu egiten da konturatzean Kostkak berak baino askoz hobeto ezagutzen duela Lucie.
Zemanekekiko mendekua zapuztuta eta Lucierekiko oroitzapenak nahasita, Ludvikek aurreko urteetako akats zentzugabeak ezabatu nahi ditu, eta Helenarengandik eta bere jaioterritik lehenbailehen ihes egin nahi du. Baina bere trena galtzen du.
Herrian, Erregeen Kabalgataren eguna da, Moraviako udaberriko folk jaialdia. Jaroslav-en semea aukeratu dute hirian zehar zaldi gainean dabilen errege maskaratu eta isila interpretatzeko; Jaroslav, folk tradizioen bultzatzaile gisa, izugarri harro dago.
Ludvikek Zemanekekin topo egingo du, eta honek bere maitale gaztea aurkeztuko dio. Helena eta bere laguntzailea ikusten dituzte, eta Zemanek bere maitalearekin alde egiten du. Helenak Ludvikekin joango dela uste du, baina honek esaten dio ez duela maite eta ez duela berriro ikusiko.
Helena bihotz-urratuak medikamentu botila oso bat irensten du, bere ustez analgesikoak direnak. Suizidio-ohar bat idatzi dio Ludviki, eta laguntzailearen bidez bidaliko dio Ludviki. Honek oharra irakurtzen duenean, lasterka abiatzen dira Helenaren bila. Baina botilak zuena ez ziren analgesikoak, laxanteak baizik.
Bitartean, Jaroslav etsita dago: jakin du zaldian dagoen haurra ez dela bere semea. Semeak ez du interesik tradizioarekin eta motorren lasterketa ikustera joan da. Jaroslav emaztearekin haserretu, eta ihes egin du biolinarekin. Lo hartu du zelai batean, eta Ludvikek aurkitu egin du. Ludvik errukitu egin da bere lagunarekin, eta berarekin musika jotzeko eskatu dio. Gaztetuta, elkarrekin joaten dira kontzertura. Han, Jaroslavek bihotzekoa izango du, baina bizirik aterako da.
Argitalpena eta itzulpenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kunderak 1965ean amaitu zuen idatzia, Pragan, baina zentsoreen kexek 1967ra arte atzeratu zuten argitaratzea Txekoslovakian. 1968an debekatu egin zuten, Sobietar Batasunak herrialdea inbaditu eta Pragako Udaberria zapaldu zuenean. Kunderak Parisera ihes egin zuen 1975ean, eta txekiar herritartasuna ukatu zioten.[3]
Ingelesezko lehen itzulpena 1969an argitaratu zen Londresen. Kundera atsekabetu egin zen itzulpena oso aldatuta zegoela konturatzean; herrialdetik atera ezinik, kexu agertu zen Times Literary Addyra bidalitako gutun batean. Handik gutxira bigarren ingelesezko itzulpen bat argitaratu zen New Yorken, zatien sekuentzia errespetatzen zuena baina oraindik asko laburtzen zituena. Kunderaren kexen ondorioz, 1970ean hirugarren itzulpena egin zen, baina ez zen gustura geratu estiloarekin.[4] 1982an ingelesezko laugarren itzulpen bat egin zuten, eta Kunderak "lehen bertsio baliozkoa eta benetakoa" zela aipatu zuen.[5] Baina ez zuen itzulpena arretaz irakurri; Aaron Asher editoreak Txantxa berrargitaratzea iradoki zuenean, hitzez hitz berrikuspen metodiko batean kolaboratu zuten, eta 1992an bosgarren eta azken ingelesezko itzulpen bat argitaratu zuten.[4]
Legatua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]John Updikek "eleberri hausnartua, korapilatsua eta anbibalentea" zela esan zuen, "lan ikaragarria da, guztiz handia ez bada ere handitasunaren irismena duena". Louis Aragonek "mendeko eleberri handienetako bat" deitu zion.[3] Philip Rothek honela esan zuen: "Liburu zuzen eta errealista, planteatzen dituen gaiei buruz argi eta garbi gogoeta egiten duena, pentsamendu filosofikoaren bidez. Herritar 'politizatuen' espektro nahiko zabal baten behaketa zehatza egiten du. Dos Passos eta Camusen arteko gurutzaketa moduko zerbait da".[6]
1968an Jaromil Jireš txekiar zinema zuzendariak film bat egin zuen liburuan oinarrituta. 1969ko otsailean estreinatu zen, Pragako Udaberria amaitu ostean. Filmak hasiera batean arrakasta izan zuen aretoetan, baina hurrengo 20 urteetan debekatu egin zuten.[7]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Carlos Cidek proposaturiko itzulpena
- ↑ (Ingelesez) Milan Kundera, The Art of Fiction No. 81. 1984 ISSN 0031-2037. (kontsulta data: 2025-07-18).
- 1 2 Updike, John (2012). Odd Jobs: Essays and Criticism. Random House. 563. or.
- 1 2 Kundera, Milan (1992). "Author's Note". The Joke. HarperCollins.
- ↑ Autorearen hitzaurrea 1982ko Harper & Row-en edizioan
- ↑ Roth, Philip (1974). "Introducing Milan Kundera". Milan Kundera, Laughable Loves.
- ↑ Michael Koresky. Eclipse Series 32: Pearls of the Czech New Wave. The Criterion Collection.