Txerri

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Txerri
Sow with piglet.jpg
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaMammalia
OrdenaArtiodactyla
FamiliaSuidae
GeneroaSus
EspezieaSus scrofa
Azpiespeziea Sus scrofa domesticus
Erxleben, 1777
Datu orokorrak
Gizakiak ateratzen dizkion produktuakTxerriki, pig nail (en) Itzuli, pork liver (en) Itzuli, knuckle (en) Itzuli, pig's bladder (en) Itzuli, pork fat crackling (en) Itzuli, pig's intestine (en) Itzuli eta pork tail (en) Itzuli

Txerria edo urdea (Sus scrofa domesticus) Suidae familiako ugaztun bat da, Sus scrofa basurdearen azpiespeziea. Txerri emeari urdanga ere deitzen zaio. Orain dela 5.000 urte egin zuten abere eta mundu guztitik zabaldua dago.

Izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txerri, txarri eta zerri formen artean, txerri hobesten du Hiztegi Batuak[1], txarri Mendebaldekoa delarik eta zerri Iparraldeko eta Nafarroako markaz agertzen delarik[2]. Urde forma ere hedatua da euskaraz. Ordotsa, berriz, txerri arra da, batzuetan zikiratua, baina aldiz, ernaltzeko hazten bada, apote, aketz edo herauts terminoekin ere ezagutzen da arra.

Beste termino asko erabili izan dira euskaraz, asko eufemistikoak, hala nola bilobeltz edo lau-oineko[3].

Era berean, terminoa eta bere ahaideak zikintasunaren sinonimo dira gizakiei esatekotan, hala nola "zerri urdea!" esamoldean[1].

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txerriak goi-guruina ez duten ugaztun bakarrak dira, horregatik bustitzen dira sarritan, bereziki klima beroetan. Ez badira nahikoa bustitzen bere azala gaiztotu daiteke, eta askotan baserrietan ur garbirik ez dutenez lokatzean nahiz simaurrean bustitzen dira. Pertsona zikinei "txerri" deitzen zaie irain gisa.

Oso usaimen ona dute, eta Europako herrialde askotan trufak aurkitzeko erabiltzen dira.

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txerria animalia guztiz orojalea da, baina belar eta hazi mota guztiez elikatu ohi da. Baserrietan, ohikoa da artoa, arroza, garia, garagarra edo erraz lor daitekeen beste edozein elikagai ematea. Animalia hauen dieta oso zaindua izaten da, dieta horrek zehaztuko baitu haien haragiaren kalitatea.

Etxaldeek bi elikadura-prozesu mota erabiltzen dituzte txerrientzat. Lehenari abeltzaintza intentsiboa esaten zaio. Bertan, txerria korta batean ixten da, eta proteina ugari ematen zaizkio azkar haz dadin. Bestalde, alternatiba merkeago bat dago: txerria bazka edo elikagai naturalen konbinazio batez elikatzen da, proteina iturri prozesatu batzuekin batera.

Ezohiko kasuetan, naturalki uzten zaie larrez edo baserrietan dagoen beste belarren batez elikatzeko. Hori jadanik ez da ia erabiltzen, txerriak denbora gehiegi behar duelako gizentzeko eta, azkenean, ez dituelako inoiz asetzen baserrien beharrak.

Haurdunaldietan, txerramek proteina kopuru handiagoa eskatzen dute. Horregatik, ezinbestekoa da mota horretako mantenugai batzuk ematea, hala nola arrain-irinak edo haragi-irinak. Soja eta patata hondarrak ere oso onuragarriak suertatzen dira.[4]

Bizilekua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txerria klima tropikal eta epeletan bizi daiteke. Horregatik, baserrietara primeran egokitzen dira, non animalia horietako gehienak bertan bizi diren. Gainera, leku berezi hauek propietate guztiak ematen dizkiete inolako arazorik gabe biziraun ahal izateko.

Badira txerri basati batzuk arrisku gutxiko basoetan eta belarrez eta haziez betetako edozein eremutan bizi direnak. Hala ere, baldintza horietan bizi diren animalia horien kopurua oso txikia da.[4]

Ugalketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txerria bibiparoa da, eta horrek esan nahi du enbrioia amaren barruan garatzen dela jaio arte. Beraz, amak mantenugaiak ematen dizkio enbrioari jaio aurretik. [5]

Etxeko txerrama poliestrikoa da urtero, eta 21 eguneko zikloak ditu gutxi gorabehera. Obulazioaren ondorengo 16 egun inguruko gorputz luteoak funtzionalak dira. Obulazioa berez gertatzen da, araldia hasi eta 36-44 ordura, edo araldiaren erdia baino pixka bat geroago. [6]

Pubertaroa aldi ezberdinetan ematen da generoaren eta espeziaren arabera. Gutxi gorabehera 5-7 hilabete igaro behar dira emeen kasuan, 100 eta 110 kg bitarteko gorputz-pisua dutelarik, eta 6-9 hilabete arren kasuan.[5]

Haurdunaldiak, batez beste, 114 egun irauten du, eta 8 eta 10 txerrikume bitarteko oheak ematen dira lehen erditzeko txerramentzat, eta 10-16 txerrikume txerrama helduentzat.

Edoskitzaroan, txerramak erditu eta gutxira izan dezake araldi motz bat, baina normalean ez da egoera hau ematen eta ez da gurutzatzen txerrikumeei titia kendu arte.[6]

Txerrikiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txerri haragia urdaiazpikoa, txorizoa edota saltxitxa egiteko erabiltzen da.

Nahiz eta txerri gehienak haragia lortzeko egiten diren, batzuk larruki leuna lortzeko ere erabiltzen dira, baita ile gogor batzuk (zurdak), txarrantxa edo eskuila lortzeko ere.

Txerri-haragi motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txerriaren elikadura-balioak orekatuak dira, koipe-azido mono eta poliinsaturatuen proportzioa dela eta; gainera, B1 bitaminan oso aberatsa den iturria da. Proteina ugari eta mineral ugari izateagatik karakterizatzen den elikagaia da.

Bere zatikatzea oso sakona da. Jarraian, txerri batengandik lor daitezkeen haragi mota guztiak aipatzen dira, dagokien izenarekin.

  1. Solomo-zinta: Pieza hau oso ezaguna da eta xerra gisa edo osorik kontsumitzen da, eta plantxan, enpanadan edo labean ere sukaldatu daiteke.
  2. Azpizuna: Pieza hau oso balioetsia da bere testura eta zaporeagatik, eta saltsekin edo saltsarik gabe elaboratzen da.
  3. Mazoa: Pieza hau oso balioetsia da haragi eta koipe eduki altua izateagatik.
  4. Besoa: Zati hau txerriaren aurreko hanketatik lortzen da, urdaiazpikoa egiteko prozesuari dagokionez antzekotasunak ditu, baina zapore eta usain ezberdina du.
  5. Lepoaldeko txuletak eta lepoaldeko magroa: Saihetsen inguruan dagoen haragia da, eta plater erreak, frijituak edo barbakoan egindakoak burutu daitezke.
  6. Saiheskia: Oso famatua da parrillan, baina ez da prestatzeko modu bakarra.
  7. Bularra: Hirugiharraren eremutik lortzen da, eta koipe portzentaje altua aurkezten du.
  8. Hirugiharra: Zati honek zapore handia ematen dion koipe asko du.
  9. Urdaia: Hirugiharretik ateratako zatietako bat da, haragi gutxi du.
  10. Kokospea: Lepotik ateratzen da, zehazki, beheko aldetik. Koipe-edukia ere badu ezaugarri.
  11. Ukondoa: Pieza hau hezurrarekin batera eskuratu ohi da plater erreak edo koilara-platerak prestatzeko.
  12. Eskuak: Izenak dioen bezala, animaliaren "eskuei" edo euskarri-puntuei egiten die erreferentzia. Hezur asko ditu, eta gelatinazko ehundura eskaintzen du.
  13. Oinak: Txerriaren zati hau aurreko eskuen deskribapenean sartuko litzateke.
  14. Masaila: Txerriaren aurpegia, azala barne.
  15. Belarriak: Haragi hau kartilaginosoa da eta oso plater erabilia izaten da tabernetan anoa eta tapa bezala.
  16. Muturra: Oso ezagutua tapa moduko plater bezala.

Txerri-haragi moten pieza horiez gain, jaki ezagunenetako bat lor daiteke: urdaiazpikoa. Animaliaren atzeko hankatik lortzen da, mundu mailan ezaguna eta hainbat modutan prestatua.[7]

Txerri arraza Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txerriak bizantziarren garaian atzerritik ekarri zituzten penintsulara, tokiko basurdeekin elkartuz.

Euskal Herrian bertako hiru txerri arraza ezagunak izan dira garai historikoetan, haietatik euskal txerria arrazak irauten du gaur egun eta Gasteizko muturmotz txerria zein Baztango txerria desagertu ziren joan den mendean.

Kanpoko arrazak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herritik kanpora ere hainbat txerri arraza daude, horietatik ezagunenetakoa Vietnamgo txerria izanik, bere itsura eta kolorearengatik.

Arrazen artean hauek dira nagusiak:

  • Vietnamgo txerria

Txerriak klima epel eta erditropikoetara egokituta daude eta mundu osoan zehar honela banatzen dira: Txina –454 milioi txerri, Estatu Batuak – 59 milioi, Brasil – 29 milioi, Alemania – 25 milioi, eta Espainia – 23 milioi.

Vietnamgo txerria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Vietnamgo txerri arraza

Vietnamgo txerriak baldintza naturaletan 125 kilogramo pisatzen ditu, baina espazio itxi batean eta mugimendu gutxirekin 140 kilogramora iristen da. Bere gorputza luzea eta lodia da. Arrautza forma hartzen duen sabelaldea nabarmentzen da, denborarekin eta janari motarekin hazten dena. Bere larruazalak tolesdura ugari eta ilaje motza ditu, batzuek baldintza klimatikoekin bat datozen ilaje luzeagoak dituztela gogoraraziz.

Bere izenaren arabera, ugaztun exotiko hau Vietnamgoa da jatorriz. Hala ere, badira zenbait aldaketa inguruko herrialdeetan lortutakoak, maskota-animaliatzat hartu eta zenbait ekoizlek beren kumeetan aldaketak egitea erabaki ondoren.

Bere habitat naturala zabala da, baso hostotsuz eta bide natural luzez betea. Vietnamgo txerriak nahiago du zuhaixken segurtasuna aire zabalean mantendu baino, baina bere jatorria Artiodactilos taldekoa da, eta horrek kolonizatzaile perfektua bihurtzen du.[8]

Espezie autoktonoentzako, habitatentzako edo ekosistementzako mehatxu larria izan daitekeenez, Vietnamgo txerria Espezie Exotiko Inbaditzaileen Espainiako Katalogoan sartu da (abuztuaren 2ko 630/2013 Errege Dekretuak arautzen du), eta Espainian debekatuta dago natura-ingurunean, edukitzan, garraioan, trafikoan eta merkataritzan sartzea.[9]

Txerri hilketa Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1992. urtean Goizueta herriko baserri bateko txerri hilketa.
Sakontzeko, irakurri: «Txerriboda»

Txerri-hiltzea[10] edo txerriboda[11] (bizkaieraz: txarriboda, eta nafarreraz: zerri hiltzea edo zerriboda) antzina San Martin egunez Euskal Herriko baserrietan gauzatu ohi zen txerri hilketa zen. Gaur egun jada leku gutxitan eta oso urri egiten da, gehienetan erakustaldietan edota familia biltzen denean. Jarduera honen helburua negura begira baserriko biltegia behar zen haragiz hornitzekoa zen. Txerria hil ondoren, oihuta zen auzokideekin, normalean txerria hiltzen laguntzen zutenak, otordu bat egitea.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b «Euskaltzaindiaren Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2019-10-07).
  2. «OEH - Bilaketa - OEH» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2019-10-07).
  3. (Gaztelaniaz) «CERDO - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2019-10-07).
  4. a b (Gaztelaniaz) ▷ Cerdo » Características, Alimentación, Hábitat, Reproducción, Depredadores. 2021-02-05 (Noiz kontsultatua: 2022-03-15).
  5. a b (Gaztelaniaz) «CERDO | Características, alimentación, hábitat y cuidados» Gtush 2018-10-16 (Noiz kontsultatua: 2022-03-15).
  6. a b (Gaztelaniaz) Cíntora, Iván. (1900-01-01). «Reproducción porcina» Engormix (Noiz kontsultatua: 2022-03-15).
  7. (Gaztelaniaz) «Tipos de carne de cerdo y todas sus propiedades | Bartalent» Bartalent Lab (Noiz kontsultatua: 2022-03-15).
  8. (Gaztelaniaz) ▷ Cerdo Vietnamita » Características, Alimentación, Hábitat, Reproducción, Depredadores. 2021-02-07 (Noiz kontsultatua: 2022-03-15).
  9. «BOE.es - BOE-A-2013-8565 Real Decreto 630/2013, de 2 de agosto, por el que se regula el Catálogo español de especies exóticas invasoras.» www.boe.es (Noiz kontsultatua: 2022-03-15).
  10. «Zehazki - UPV/EHU» www.ehu.eus (Noiz kontsultatua: 2021-02-28).
  11. «txerriboda - Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa» www1.euskadi.net (Noiz kontsultatua: 2021-02-28).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]