Wikipedia, Entziklopedia askea
Gaur egungo Afrikako herrialdeak eta eskualdeak.
      Entzun!

Afrika izena erromatarrek erabili zuten lehen aldiz, jatorrian Kartagoren inguruko lurraldeak izendatzeko; geroago, kontinente osoari hedatu zitzaion izena. Zientzialarien arabera, Afrika izan zen lehen gizakien sorlekua, duela 4 milioi urte inguru. Aurkitu diren fosil ugaritan oinarritu dira uste hori izateko. Gaur egun, Afrikako biztanle ugarik bizimodu desegokia dute, gerra, gaixotasun eta pobreziaren eraginez.

Antzinako Egiptotik erromanizaziora[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K.a. 3400. urtetik aurrera hasi zen garatzen lehen afrikar zibilizazio handia Egipton, hiru mila urte iraun zuen erresuma bat sortu zenean. Beste gune politiko eta sozial garrantzitsu bat Nubiako Kux erresuma izan zen, K.a. XI. mendean sortu zena Nubian, Egiptotik hegoalderako lurraldean, eta bere domeinua antzinako Egiptora hedatu zuena.

K.a. IX. mendean, feniziarrek Kartago fundatu zuten, eta K.a. VII. mendean greziarrek koloniak sortu zituzten Zirenaikan (gaur egungo Libian). K.a. V. mendean Aksumgo Erresuma agertu zen Etiopian, eta K.a. IV. mendera arte iraun zuen.

K.a. VII. eta IV. mende bitartean, asiriarren, persiarren eta mazedoniarren konkistak gertatu ziren. K.a. 146an Kartago suntsitu ondoren, erromatarren nagusitasuna zabaldu zen Afrika iparraldean eta, inperioaren garaian, kristautasuna zabaldu zen haien eskutik.

Iparraldearen islamizazioa eta hego-erdialdeko erresuma handien agerpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

V. eta VI. mendeetan, bandaloak eta bizantziarrak jabetu ziren erromatarren mendeko Afrikaz. Baina kontinentearen historia baldintzatuko zuen gertakizuna VII. mendean gertatu zen, arabiar musulmanek Afrika mediterranearra konkistatu zutenean. Erresuma berbere batzuk sortu ziren, Islam erlijioa eta arabiar kultura hedatzen lagundu zutenak. Islamizazio hori pixkanaka hegoalderantz hedatu zen, merkatari arabiarren eskutik. Kristau "uharte" bakar bat geratu zen, Etiopiako Erresuma, IV. mendean sortua.

Arabiarren zabalkundetik aurrerako garaian gutxi gorabehera, erdialdeko eta mendebaldeko Afrikak zenbait erresumaren garapena ikusi zuen: Ghanako Erresuma izan zen garrantzitsuenetakoa, baina loraldi kultural eta ekonomiko nabarmen baten ondoren, arabiarrek suntsitu zuten XI. mendean. Beharbada garrantzitsuagoak izan ziren Maliko erresuma (XIII-XV. mendeak) eta Songhai Inperioa (XVI. mendea). Beste erresuma batzuk eratu ziren Txad aintziraren inguruko ekialdean, haien artean Kanem-Bornu Inperioa (XIII-XIV. mendeak).

Islama erabat nagusitu zen Afrika iparraldean, baina haren hedapenak ez zuen Niger ibaiak markatutako muga zeharkatu. Izan ere, ibai horretatik hegoaldera, populazioek sinesmen animistei eta ohitura tradizionalei lotuta jarraitu zuten. Afrikako zati horretan, erresuma aipagarri bat garatu zen XIV-XIX mendeetan, Beningo Erresuma.

Kontinentearen hego-erdialdean, bantuek paper nagusia izan zuten, Kongoko Erresuma eta Monomotapako Inperioa sortu baitzituzten XIII. eta XV. mendeen artean. Bantu tribuak nekazaritzan eta artzaintzan iharduten ziren batez ere, baina baita merkataritzan, metalurgian eta meatzaritzan ere. Hegoaldean, Khoikhoi eta San (herria) herriak, aldiz, modu primitiboagoan bizi ziren.

Europarren etorrera, esplorazioak eta esklabotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esklaboak kateaturik.

Arabiarren konkista eta dominazioaren ondoren, Afrikako historiako beste mugarri bat europarren etorrera izan zen. Portugaldarrak izan ziren lehenak, XV. mendean, Asiara egiten zituzten itsas bidaien bidez. Merkataritza-beharretarako estazioak eratu zituzten, merkatalgaiak biltegiratzeko eta hornigaiak berritzeko; baina esklaboen merkataritzan ere hasi ziren, hasieran Europara bidaltzeko eta, XVI. mendetik aurrera (espainiarrekin eta ingelesekin batera) Ameriketara. Arabiarrak ere esklabotzan aritu ziren, baina Asiarako batez ere. Esklaboen merkataritzak izugarrizko hondamen demografiko eta sozialak eragin zituen kontinenteko zati handi batean. Izan ere, miloika gizon, emakume eta ume beltz salerosiak izan ziren, eta asko eta asko hil ziren bidaietan.

XVIII. mendearen bigarren erdian, esplorazio handiak hasi ziren batez ere Erdialdeko Afrikan; batez ere britainiarrak eta frantsesak izan ziren Afrika esploratzen hasi zirenak helburu zientifiko eta kulturalekin. Esplorazioek, ordea, gero eta europar gehiago erakarri zituzten Afrikara; horrela, XVII. mendearen erdialdera, boerrek –holandar kolonoek–, kokagune iraunkorrak ezarri zituzten Afrika hegoaldean, eta, laster, frantziarrek eta ingelesek jarraitu zieten.

Europarren kolonialismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIX. mendean erori zen Afrika europarren kolonialismoan. Europako potentziarik handienek kontinenteko baliabide naturalez jabetu nahi izan zuten. Lehen kolonia Britainia Handiak ezarri zuen 1814an Hegoafrikan. Gero, 1830ean, Frantziak Aljeria konkistatzeari ekin zion eta 1881ean Tunisian sartu zen; 1882an, Britainia Handiak Egipto bereganatu zuen, 1884an Espainiak Maroko, Alemaniak Kamerun eta Afrikako hego-mendebaldea; 1885-86an, Portugalek Angola eta Mozambike menderatu zituen, 1889an Italiak Eritrea.

Prozesuak etenik gabe jarraitu zuen, eta, hartara, 1914rako, kontinente osoa koloniatan edo europar protektoratutan erabat antolatuta zegoen, Liberia eta Etiopia izan ezik; azken hau, ordea, 1936an italiarren kolonia bihurtu zen. Kolonizazio prozesuak bi ondorio nagusi izan zituen: lehenik eta behin, nolabaiteko modernizazio ekonomiko eta soziala sustatu zuen hirigune handietan eta nekazaritza eremu jakin batzuetan; bigarrenik, koloniak potentzia kolonialen zirkuitu politiko, ekonomiko eta kulturalean sartu zituen, eta europarrek sistematikoki ustiatu zituzten koloniak beren interesen arabera.

Afrikaren banaketa koloniala I. Mundu Gerra aurretik.

Deskolonizazioa eta Afrikako pobrezia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bigarren Mundu Gerraren amaierak ipini zituen deskolonizazio prozesuaren oinarriak, gerrak europar potentzia kolonialei –batez ere Britainia Handiari eta Frantziari– ekarri zien ahultasun handiaren ondorioz. Horri erantsi behar zaio une hartako potentzia handi berriak, Estatu Batuak eta Sobietar Batasuna, kolonialismoaren jarraipenaren aurka agertu zirela.

Testuinguru horretan, mugimendu nazionalista indartsuak garatu ziren Afrikan, euren herrialdeen independentziaren alde politikoki eta militarki borrokatzen hasi zirenak. Britainiarrak, eta batez ere frantsesak eta portugaldarrak, aurka egiten saiatu ziren, kasu askotan indarra erabiliz, baina azkenean amore eman behar izan zuten.

Horrela, bada, 50eko hamarkadatik 70eko hamarkadaren erdialdera bitartean, Afrikak deskolonizazio-prozesua burutu zuen, eta estatu berriak sortu ziren, baina kolonizatzaileek ezarritako muga artifizialak mantenduz. Hala ere, europarrek Afrikan eragin handia edukitzen jarraitu zuten, eta Afrikan ere erreproduzitu zen herrialde kapitalisten eta komunisten eraginaren banaketa Gerra Hotzaren garaian.

Independentzia lortu ondoren, dena dela, Afrikako estatu burujabe berri ia guztiek oztopo zailekin egin zuten topo: bertako agintari berriek, gehienetan, gobernu-lanetarako oso gutxi prestatuta zeudela erakutsi zuten; gatazka etniko, kultural eta politikoak ugariak izan dira geroztik, ondorio ikaragarriekin kasu batzuetan. Bestalde, herrialde afrikarren garapen ekonomikoa, oro har, populazioen premiarik oinarrizkoenen oso azpitik dago oraindik ere; eta munduko herrialderik indartsuenek afrikarren baliabide naturalak ustiatzen jarraitu dute beraien onerako eta Afrikari irabazi nabarmenik ekarri gabe.

Guztiaren ondorioz, Afrikak planetako kontinente pobre eta atzeratuena izaten jarraitzen du, alde nabarmenak dauden arren herrialde batetik bestera. Oso garrantzitsua izan zen Hegoafrika izeneko herrialdean zuriek mantendu zuten nagusitasunaren amaiera 1990eko hamarkadaren hasieran, eta apartheid-erregimenaren (populazio beltzen arraza-bereizketaren) abolizioa.