Wikipedia, Entziklopedia askea
Frantzisko I.a, une honetako aita santua.

Aita santua deitzen zaio Eliza katoliko erromatarreko buruari. Aita santuak Elizan duen agintea erregeak edo erreginak herrialde batean duenaren antzekoa da.

Zein da haren lana?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aita santuak gauza asko egiten ditu. Horiek guztietan, Erromako Kuria izeneko antolakundearen laguntza du. Elizak gai askoren inguruan duen iritzia Aita santuak erabakitzen du. Elizaren politika adosteko, kontzilio ekumeniko izeneko bilerak deitzeko boterea du. Aita santuaren lana da, era berean, Elizako apezpiku karguak izendatzea eta elizbarruti izena duten eskualdeak ematen dizkie. Apezpiku batek bere elizbarrutiaren barne dauden Eliza katoliko guztien gaineko ardura du.

Aita santua bera da Erromako apezpikua, Italian. Vatikano Hirian agintzen du; hiri hori Erromako mugen barne dagoen arren, herrialde burujabe bat da. Bertatik, 756tik 1870 bitarte gobernatu zen Aita Santuen Lurraldea deitzen zena. Aspaldian, oso lurralde zabala zen, Italiar penintsulako leku asko baitzituen bere mende. Egun, ordea, estatu hori osatzen zuten lurren artetik, Vatikano Hiria baino ez da geratzen.

Nola hautatzen da?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aita santua bere kargurako aukeratua izaten da. Kardinalek, hau da, maila handieneko apezpikuek bakarrik dute botoa. Aita santu bat hiltzen denean, 80 urtetik beherako kardinal guztiak Kapera Sixtinoa izeneko eraikinean elkartzen dira. Bertan, sekretuan ematen dute botoa Aita santua aukeratzeko. Kaperako tximiniatik ke zuria irteten denean jakiten da Aita santu berria aukeratu dutela.

Historia apur bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Katolikoentzat lehenengo Aita santua San Petri izan zen. Petri Jesusen 12 dizipulu edo ikasleetako bat izan zen, lehenengo jarraitzaileetako bat, alegia. San Petri gure aroko 64. urtean hil zen. Ordutik, 260 aita santu baino gehiago egon dira.

Erdi Aroan, 500-1500 bitarte, aita santua hautatzeko desadostasuna egon zen europar kardinalen artean. Horregatik, 1378tik aurrera, Mendebaldeko Zisma garaian, aita santu ez-ofizialak egon ziren Avignonen (Frantzian), Erroman aita santu ofizialak zeuden aldi berean. Antipapa izena ematen zaie orain aita santu ez-ofizial horiei. 1417rako, ordea, kardinalak aita santu baten hautaketan bat etorri ziren. Geroztik, aita santu guztiak Erroman bizi izan dira.

2013an Benedikto XV.a aita santuak jakinarazi zuen osasun arrazoiak zirela eta kargua utziko zuela. Gregorio XII.a aita santuak 1415ean kargua utzi zuenetik ez zen halako kasurik izan. Azken hura salbu, gainontzeko aita santuek hil arte eutsi diote beren karguari. Benediktok aita santu emeritu titulua hartu zuen urte hartako otsailaren 28an karguari uko egin zionean. Martxoaren 13an beste aita santu bat aukeratu zuten. Argentinako Jorge Bergoglio kardinala aukeratu zuten eta Frantzisko I.a izenarekin hartu zuen kargua. Europarra ez den lehenengo aita santua da.