Wikipedia, Entziklopedia askea

Alergia

Beso batean alergiaren proba egiten.

Alergia deitzen zaio gauza bereziren bat arnastean, jatean edota ukitzean gorputzak izaten duen erreakzioari. Erreakzioak mota askotakoak izan daitezke: batzuetan, alergiaren eraginez azkura izaten dugu gorputzean; beste batzuetan, doministikuka hasten gara, edo malko-jarioa izaten dugu, edo sudurra itxi egiten zaigu, eta abar.

Dirudienez, munduko biztanleen herenak baino gehiagok dauka alergiaren bat. Umeen artean ohikoa izaten da janariren batek eragindako alergiaren bat izatea.

Zerk eragiten du alergia?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alergia eragiten duen gauzari alergeno deitzen zaio.
Alergeno ohikoenak hauek dira: akaroak (zomorro txiki-txiki batzuk), polena, janari batzuk eta animalia batzuk.

Janarien artean, alergiak eragiten dituzten janaririk ohikoenak honako hauek dira:

  • Kakahueteak eta fruitu lehorrak (intxaurrak, hurrak...).
  • Arraina eta itsaskiak (ganbak, muskuiluak...).
  • Esnea, behi-esnea batez ere
  • Arrautzak.
  • Soja.
  • Garia (glutena).

Zergatik gertatzen dira?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gure immunitate-sistemak akats bat egiten duenean gertatzen dira alergiak. Normalean, immunitate-sistemak patogeno eta gaixotasunetatik babesten gaitu. Immunitate-sistemaren bidez, gure gorputzak borroka egiten du bakterio eta birusen kontra eta gaixotzen gaituzten beste organismo txiki-txiki batzuen kontra, antigorputzak deitzen direnak fabrikatuz.

Zer gertatzen da, ordea, elikadura-alergiaren bat badugu? Bada, gure immunitate-sistemak, akats baten ondorioz, elikagai jakin baten osagairen bat zuretzat benetan arriskutsua balitz bezala tratatuko du. Berez, edozein alergiatan gertatzen da hori, hau da, alergia botika edo sendagai bati (penizilinari, adibidez) diogunean, edo aireko polenari (belarretik, loreetatik eta zuhaitzetatik datorrena), nahiz elikagai bati.

Bestela esanda, erreakzio alergikoa eragiten dizun substantzia ez da berez kaltegarria, baina zure organismoak horren aurrean erreakzionatzeko duen modua da kalte egiten dizuna.

Zertan datza erreakzio alergikoa?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kakahueteei alergia dien haur bati hara zer gertatuko zaion kakahuete-kremaz estalitako pastel zati bat jaten badu: umearen gorputzak kakahueteek duten osagai baten kontra erreakzionatzen duten antigorputz batzuk sortuko ditu; hau da, umearen gorputzak substantzia kimiko batzuk askatuko ditu bere odolean. Substantzia kimiko horietako bat histamina delakoa da.

Histamina horrek sintoma batzuk eragingo dizkio orduan, adibidez, begietan, sudurrean, eztarrian, arnasketa-sisteman, larruazalean edo sabelean (digestio-aparatuan). Elikadura-alergia duen pertsona batek erreakzio alergiko arina izan dezake, baina baita erreakzio alergiko larriagoa ere. Bestalde, erreakzio horiek berehala gerta daitezke, edo janaria irentsi eta ordu batzuetara.

Besteak beste, honako sintomak senti daitezke:

  • Eztarria itxita bezala sentitu
  • Ahotsa galdu
  • Arnas arazoak ("txistuak" ateratzea arnastean)
  • Eztula edo doministikua
  • Goragalea eta botaka hasteko gogoa
  • Tripako mina
  • Beherakoa

Zer egin behar da alergiaren bat izanez gero?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreakzio alergikoak izaten dituztenek kontu handiz jokatu behar izaten dute alergia sortzen dienarekin. Jakina, lehendabizi, jakin behar da zerk eragiten dien alergia, eta gero, horrekin kontuz ibili. Gainera, ondo jakin behar dute zer egin alergiaren eraginez larrialdiren bat gertatzen bazaie.

Ume askok esnearekiko edo arrautzekiko alergia izaten dute txikitan, baina handitzen direnean pasatu egiten zaie. Baina badira elikadura-alergia batzuk ―kakahueteek, arrain mota batzuek eta ganbek eragiten dituzten alergiak adibidez― bizitza osorako izaten direnak.

Badaezpada, ume batek elikagairen bati alergia diola susmatuz gero, familiako medikuarengana joan behar da, hark ikusteko zer gertatzen den. Zure medikuak elikadura-alergia izan dezakezula uste badu, litekeena da alergietan espezializatutako mediku batengana bidaltzea, alergologoarengana, alegia. Alergologoak galdetu egingo dizu zer erreakzio izan dituzun lehen, eta zenbat denbora pasatzen den elikagai hori jaten duzun unetik sintomak (azkura, adibidez) agertzen diren arte. Seguru aski, galdetuko dizu ea zure familian ba ote dagoen beste norbait alergiak dituena edo alergiarekin lotutako beste gaixotasunen bat duena. Beharbada, proba batzuk ere egingo dizkizu larruazalean; proba horien bitartez, ikusiko du nola erreakzionatzen duen zure gorputzak alergiak eragiten dituzten zenbait produkturekin, eta ea erreakzio alergikoren bat gertatzen zaizun horietako batekin.

Modu horretan, zure gorputzak alergia zeri dion jakin eta gero, kontuz ibili beharko duzu janari edo dena delako horrekin. Ez dago elikagai-alergiak tratatzeko sendagai berezirik. Gorago esan dugun bezala, alergia horietako batzuk berez desagertzen dira adinarekin, baina beste batzuk betiko dira. Alergia bat tratatzeko modurik onena alergia eragiten duen elikagaia ez hartzea da, baita alergiak eragiten dituen edozein janari edo edari ere.