Antibiotikoak bakterio gaiztoak edo patogenoak hiltzeko erabiltzen diren botikak dira. Antibiotikoek bakterioak hiltzen dituzte, baina ez birusak. Horregatik, birusek sortzen dituzten gaixotasun infekziosoak (gripea, katarroa...) sendatzeko ez dira antibiotikoak erabili behar.
Lehenengo antibiotikoa Alexander Fleming zientzialari eskoziarrak aurkitu zuen 1928an: penizilina izan zen.
Antibiotiko denak oso hautakorrak dira; horrek esan nahi du botika horiek bakterioak hil egiten dituztela, baina gure gorputzeko zelulak kaltetu gabe.
Gaur egungo medikuntzak duen arazo handienetariko bat da bakterio batzuk erresistenteak bihurtu direla, eboluzioaren ondorioz, eta antibiotikoek ez dituztela hiltzen. Erresistentzia handiko bakterioek arazo potoloak sortzen dituzte ospitaleetan, medikuek ezin dituztelako bakterio horien aurkako antibiotikoak erabili. Gero eta bakterio erresistente gehiago dago; horregatik, orain dela 50 urte erraz sendatzen ziren gaixotasun infekzioso batzuk gaur egun ez dira hain erraz sendatzen.
Antibiotikoen historia laburra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antzinako Egipto, Grezia, Txina eta Erroman, ogiaren lizuna erabiltzen zuten zauriak sendatzeko. Zergatik egingo zuten hori? Bada, seguru aski, bazekitelako funtzionatzen zuela.
Zientzialari modernoak XIX. mendearen hasieran hasi ziren ulertzen zergatik zen hain ona lizuna infekzioak sendatzeko. Paul Ehrlich izeneko zientzialari batek aurkikuntza handi bat egin zuen: bakterio-plaka batean zenbait koloratzaile jarri zituenean, batzuk bakarrik tindatu zirela ikusi zuen; horrek esan nahi zuen tindatu ziren bakterioek koloratzailea xurgatu zutela. Orduan, pentsatu zuen produktu kimiko bat asmatuz gero koloratzailearen antzera bakterioetan sartzen zena eta haiek hiltzeko indarra zuena, oso baliagarria izan zitekeela gaixotasunak tratatzeko. Orduan, beste gaixotasun batzuk tratatzeko erabili zen droga bat erabili zuen horretarako, baina aldaketa batzuekin.
Bere laborategian, drogaren molekula forma ezberdinetan aldatu zuen, eta, ondoren, molekula berriak bakterioak nola hiltzen zituen probatu zuen untxi batzuekin. Lan handiaren ondoren, eta 605 konbinazio kimiko ezberdin probatuz, ikusi zuen molekula batek sifili izeneko gaixotasuna eragiten duten germenak hiltzen zituela. Molekula horrekin egindako botika antibiotikoa da, bakterioak hiltzen dituelako edo haztea eragozten dielako.
Gerta zitekeen, orduan, antzinako zibilizazioek erabilitako ogiaren lizunak ere antibiotikoak izatea? Gauza oso arraroa zirudien, noski; baina, laster, Alexander Fleming izeneko beste zientzialari batek aurkikuntza bat egin zuen ustekabean bere laborategian, eta antzinako zibilizazio horiek arrazoia zutela ikusi zen.
Nola aurkitu zen penizilina?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Alexander Flemingek Lehen Mundu Gerran parte hartu zuen eta soldadu asko hiltzen ikusi zituen haien zaurien infekzioengatik, nahiz zauri horiek hilgarriak ez izan. Hainbat urtez ikertzen aritu ondoren, behin eta berriz saiatu zen substantzia bat aurkitzen bakterio kaltegarriak hiltzeko; baina ez zuen emaitza onik lortzen, eta, halako batean, oporrak hartzea erabaki zuen; joan aurretik, ordea, petri plaka bat utzi zuen laborategiko mahaian, bakterioekin.
Oporretatik itzultzean, lizun urdin-berdexka bat ikusi zuen petri plaketako batean. Gainera, plakako bakterioak lizunetik gertu ez zirela hazten ere nabaritu zuen. Orduan, lizunaren lagin batzuk hartu zituen hori zergatik gertatzen zen aztertzeko. Lizun hura Penicillium notatum espeziekoa zela ikusi zuen, eta, lizuna aztertzean, aurkikuntza handia egin zuen: alegia, lizun hark bakterio mota asko suntsitzen zituen substantzia bat sortzen zuela. Substantzia horri penizilina deitu zion.
Dena dela, beste hamar urte inguru behar izan zituen infekzioen tratamenduan erabiltzeko adina penizilina ateratzeko gai izan baino lehen. Zorionez, penizilina eskala masibo batean ekoiztu ahal izan zen Estatu Batuak Bigarren Mundu Gerrara sartu zirenean, eta Flemingi esker eta hark aurkitutako penizilinari esker milaka bizitza salbatu ahal izan dira geroztik.
Zergatik jasaten dituzten bakterioek gero eta antibiotiko gehiago?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Espezie guztiek eboluzionatzen dute. Eboluzioak bizirik mantentzea lortzen dutenak saritzen ditu, horiek hurrengo belaunaldira euren geneak pasatzeko aukerarekin. Hau da, hurrengo belaunaldiak aurrekoan biziraun zutenen informazio genetikoa izango du. Bakterio batek lortzen badu nolabait antibiotiko baten aurrean ez hiltzea, bere ondorengoek erresistentzia hori izango dute. Denbora kontua da gero eta antibiotiko kopuru handiagoari erresistentzia egingo dioten bakterioak sortzea.
Horregatik, oso garrantzitsua da ez erabiltzea antibiotikoak behar ez direnean, edo ez uztea hartzeari hobeto sentitzen garelako. Adibidez, medikuak esan badigu zazpi egunez hartu behar ditugula, eta bosgarren egunean hartzeari uzten badiogu, oraindik bizirik dauden bakterioetako batzuek aukera gehiago izango dituzte biziraun, eta etorkizunean erresistente izateko.