Aral itsasoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Aral itsasoaren kokapena.

Aral itsasoa ur gaziko Aintzira edo laku handi bat da, Erdialdeko Asian dagoena; Kaspiar itsasotik ekialdera dago, 400 kilometro baino gehiagora. Iparraldean, Kazakhstan izeneko herrialdearekin du muga, eta hegoaldean, berriz, Uzbekistanekin. Amu Darya eta Syr Daria ibaiak dira aintzira horretara jotzen duten bi ibai nagusiak. Aral itsasoko aldean, neguak hotzak eta udak beroak dira. Oso euri gutxi egiten du inguru hartan.

1960an, aintzirak 68.000 kilometro koadroko azalera zuen; alegia, Euskal Herria baino hiru bat aldiz handiagoa zen. Horregatik esaten zitzaion “itsasoa” Arali. XX. mendearen bigarren erdian, ordea, ibaietako ur gehiena lurrak ureztatzeko erabili zen, aintzirara iritsi aurretik. Horrez gainera, aintzirak ura galtzen du lurruntzearen ondorioz. Euri asko egiten ez duenez, ura ez da maila berean irauteko beste berritzen. Horren guztiaren ondorioz, Aralen azalera eta bolumena asko gutxitu dira. XX. mendearen azken aldera, Aral itsasoak hainbeste ur zuen galdua non agertu ziren lehorguneek hirutan zatitu baitzuten itsasoa.

Zientzialarien iritziz, Aral itsasoan gertaturiko aldaketak mehatxu larria dira hango ingurumenarentzat eta giza osasunarentzat. Ura lurrundu ahala, gatzaren eta mineralen proportzioa asko handitu da. Horren ondotik, ura ez da egokia giza kontsumorako, eta akabatu egin ditu arrainak, lehen ugari baziren ere. Aral itsasoko arrantza-industria ia erabat desagertu da.

Ikusi nola gutxitu den[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beheko gif honetan ikus dezakezu nola joan den zabalera eta ura galtzen urtez urte 2000. urtetik 2011. urtera bitartean:

Aral itsasoaren bilakaera, 2000-2011 bitartean.