Wikipedia, Entziklopedia askea

Arantzazuko santutegia

Arantzazuko santutegia Oñatiko mendialdean dago, Gipuzkoan, eta monasterio eta basilika bat ditu. Gipuzkoako santutegi garrantzitsuena da. Monasterioa frantziskotar fraideena da, ordena erlijioso bat, eta Arantzazuko Ama Birjina dute santu zaindari.

Santutegia, berez, nahiko zaharra da: bost mende baino gehiago ditu. Hala ere, egungo eraikinak ez dira hain zaharrak: 1950eko hamarkadan altxa zituzten. Horregatik, itxura modernoa du, abangoardiakoa deitzen den estilokoa; santutegia egin zuten garaian hori oso ausarta zen.

Arantzazuko santutegia, Arantzazu auzoan dago, mendialdean oso sartua. Horregatik, askok abiapuntu gisa erabiltzen dute Aizkorri eta Aloñako mendi ingurura oinez joateko. Euskal Herriko kulturan, erreferentzia puntu garrantzitsua da: euskararen alde, bakearen alde, eta abar. Urtero, Arantzazutik Urbiara, erromeria jendetsu bat eta, Oñatitik Arantzazura (Arantzazuko Igoera), bizikleta lasterketa bat egiten da.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arantzazuko ikuspegi bat

Kondaira batek esaten du Rodrigo deitutako mutil bati arantzen artean Ama Birjina agertu zitzaiola 1468an, eta Rodrigok "arantzan zu?" galdetu ziola, eta, horregatik, tokia Arantzazu deitzen dela orain.

Hala ere, hori ez dirudi oso fidagarria. Izenaren jatorria, hizkuntzalarien arabera, "arantza" + "zu" da, arantzatsua; izan ere, arantza asko zeuden toki horretan: elorri zuriak (zuhaitz mota bat). Toki santu bat bihurtu zen eta frantziskotarrak bertan finkatu ziren, 1514an.

Lehenago beste eraikin eta etxe batzuk zeuden, baina Lehen Karlistaldian, 1834ko abuztuan, liberalek erre zituzten. Gerra horren ondoren, hondatuta geratu zen, eta 1846tik aurrera, monasterio eta eliza konpontzen joan ziren. 1878an, eraikin berri bat egiten hasi ziren, eta 1918an Arantzazuko Ama Birjinaren irudia Oñatitik Arantzazura igo zuten, ordutik aurrera hor uzteko.

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kulturan, garrantzi handia izan du Arantzazuk, bereziki euskal kulturarentzat. 1952an, artista gazte batzuk kontratatu zituzten egungo basilika egiteko. Horien artean, gero ospetsu bihurtu ziren pertsona batzuk zeuden: Eduardo Txillida, Jorge Oteiza, Nestor Basterretxea, besteak beste.

Hala ere, Elizarekin arazoak izan zituzten, artista horien proposamenak ez zirelako beti bezalakoak, desberdinak baizik, eta Elizako agintariak oso kontserbadoreak ziren. Artista horiek, gero, euskal artean garrantzi handiko artista talde bat sortu zuten: Gaur taldea, eta euskal abangoardiako artea egiten zuten.

Gainera, frantziskotarrak euskal kultura eta hizkuntza lantzen ari ziren Francoren diktaduraren garaian. 1968an, Arantzazuko Biltzarra egin zen, eta hor egungo euskara batuaren oinarriak jarri ziren.