Wikipedia, Entziklopedia askea

Arkimedes

Arkimedes, Domenico Fetti margolariaren koadro batean.

Arkimedes (K.a. 287 - K.a. 212) Antzinako Greziako fisikari, ingeniari, asmatzaile, astronomo eta matematikari bat izan zen. Sirakusa hirian jaio zen, gaur egun Sizilia deitzen den uhartean.

Fisikaren arloan, oso aurkikuntza garrantzitsuak egin zituen, eta besteak beste palankaren printzipioa aurkitu zuen.

Makina berritzaileak diseinatu zituen, baita hainbat tresna ere; adibidez, Arkimedesen torlojua izenekoa.

Matematikan, zirkunferentzia eta zirkuluen azalera kalkulatzen asmatu zuen lehen pertsona izan zen; horretarako, zenbaki bat asmatu zuen, Π (pi) zenbakia.

Sirakusa (Italia) hiriari egindako eraso batean hil zen Arkimedes. Soldadu erromatar batek hil zuen, nahiz eta Arkimedesi minik ez egiteko agindua zegoen emana.

   Ba al dakizu   
Dirudienez, Arkimedesek esan zuen «eureka!» hitz ospetsua. Hitz horrek «aurkitu dut!» esan nahi du grezieraz.
Gaur egun, zerbaiten bila eta bila ibili ondoren azkenean aurkitzean edo lortzean esaten da eureka.

Arkimedesen printzipioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egun batean, Arkimedesek frogatu nahi izan zuen ea erregearen koroa osorik urrezkoa ote zen; horregatik, gora-goraino urez betetako otzi batean murgildu zuen eta neurtu zuen zenbat ur isuri zen ontzitik kanpora. Gero gauza berbera egin zuen koroaren pisu berbera zeukan urre zati batekin. Eta isuritako ura neurtzean, ikusi zuen urre zatiaren ondorioz ur gehiago erori zela ontzitik kanpora. Horrela jakin ahal izan zuen erregearen koroa ez zegoela osorik urrez eginda. Horretan oinarrituta dago Arkimedesen printzipioa.