Aro Modernoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Aro Modernoa historiako garai bat da. Erdi Aroaren ostean hasi zen, eta, Aro Modernoaren ostean, Aro Garaikidea hasi zen. Historia liburuetan 1492. urtea aipatzen dute, Erdi Aroa eta Aro Modernoaren muga bezala. Amaierako muga bezala 1789. urtea jartzen da. Urte horretan Frantziako Iraultza hasi zen.

Mendebaldeko Historia
Historiaurrea
Antzinako Erroma Erromatar Monarkia
Erromatar Errepublika
Erromatar Inperioa
Erdi Aroa Goi Erdi Aroa
Erdi Aro Klasikoa
Behe Erdi Aroa
Aro Modernoa XVI. mendea
XVII. mendea
XVIII. mendea
Aro Garaikidea XIX. mendea
XX. mendea
XXI. mendea

Ezaugarri nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Europarrak beste kontinente batzuetara joan ziren eta konkistatu zituzten. Erregeren agindupeko soldaduak bidali zituzten eta arma hobeak zituztela aprobetxatuz, Europatik kanpo agintzen hasi ziren. Beste kontinentetatik balio handiko gauzak eramaten hasi ziren Europara: urrea, zilarra eta abar.
  • Errege-erreginek botere handia lortu zuten. Historia liburuetan errege-erreginek botere absolutua eskuratu zutela esaten da. Errege-erreginen aginte handi honi absolutismo edo Monarkia absolutua esaten zaio.
  • Gizartean pertsona guztiek ez zituzten eskubide berberak. Estamentuak zeuden. Pertsona batzuek pribilegioak zituzten eta beste batzuek ez.
  • Arte kontuetan berrikuntza handiak egin ziren. Bi estilo nabarmendu ziren Aro Modernoan: Errenazimentua eta Barrokoa.

Aro Modernoko gizartea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aro Modernoan Europako jendea bi talde edo estamentutan banatuta zegoen. Guztiek ez zituzten eskubide berberak. Batzuk pribilegiatuak ziren, besteak ez.

  • Pribilegiatuak noblezia eta kleroa ziren. Pribilegiatuek ez zituzten zergak ordaintzen eta lur gehienen jabeak ziren.
  • Ez-pribilegiatuak nekazariak, arrantzaleak, artzainak, eskulangileak, merkatariak, soldadu arruntak eta beste batzuk ziren. Hauek bai ordaindu behar zituztela zergak. Errentak ere ordaindu behar zituzten lurren jabeei, etxeen jabeei, pribilegiatuei.

Aro Modernoko ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europako ekonomiaren oinarria nekazaritza zen. Kostaldea zeukaten herri askotan, Euskal Herriko kostaldean esate baterako, arrantza ere oso inportantea zen. Aro Modernoan eskulangintzak eta merkataritzak garapen handia izan zuten. Garai hartako nekazaritzan erabiltzen ziren teknikak ez ziren oso aurreratuak: pertsonen eta abereen indarra besterik ez zeukaten. lurra lantzeko, esate baterako.

Gaixotasunak eta uzta txarrak izaten zituzten maiz. Askotan goseteak gertatzen ziren. Pribilegiatuek, haien diruari esker, problema gutxiago izaten zituzten, baina estamentu guztietan ume asko eta gazte asko hiltzen ziren, gaur egun erraz senda daitezkeen gaixotasunengatik. Izurriteak eta goseteak egoten ziren sarritan.

Errege-erreginek, zeukaten diruarekin armadak antolatu eta gerrak hasten zituzten; konkista-espedizioak ere bai. Armada horiekin alboko herrialdeen armadengandik babesten ziren, baina askotan besteen lurraldeak eta ondasunak konkistatzera joaten ziren. Euskal Herrian, Aro Modernoan hasi ziren nekazariak eta abeltzainak baserriak eraikitzen eta bertan bizitzen. Hasieran baserri bakoitzean familia batzuk bizi izaten ziren. Ohikoa zen baserria nobleziaren edo kleroaren jabetzakoak izatea eta, bertan bizi zirenek, errenta edo alokera ordaindu behar izatea. Baserritar gehienak maizterrak ziren; hau da, errentak ordaindu behar izaten zituzten.

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garai hauetan erregeek botere handia lortu zuten. Absolutismoa esaten zaio herria gobernatzeko modu horri. Nobleziaren eta kleroren laguntzarekin, armadak antolatu eta gerrak eta konkistak antolatzen zituzten. Zergak jaso eta gero, eta botere gehiago lortzeko asmoz, lurraldeak konkistatzen ibiltzen ziren. Kontinente aurkitu berria, Amerika alegia, aukera ezin hobea zen horretarako: bertoko biztanleak gerretan menderatzeko aukera handia zegoen, europarrek arma hobeak zituzten-eta.

Lehenago Portugal eta gero Espainia bihurtu ziren garai horretako inperiorik handienak. Errege-erregina katolikoek Granadako erresuma konkistatu zuten, baita Nafarroko erresuma ere ia osorik; gainera, Amerikako hainbat lurralde konkistatu zituzten, Espainian bizi ziren judutarrei alde egiteko agindu zieten eta, haien eskutik, Espainiako inperioa sortu zutela esan daiteke. Baina benetako enperadoreak gerokoak izan ziren, Karlos Habsburgokoa eta Filipe II.a Espainiakoa batez ere. Azken honen erresuman eguzkia ez zela inoiz sartzen esaten zen, haren menpeko lurraldeak mundu osoan banatuta zeudelako.

Humanismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historiako liburu askotan "Humanismo" artikuluan, Leonardo da Vinciren marrazki hau jartzen dute. Haren bidez irudikatzen da garai honetan, Jainkoa ez dagoela jada erdigunean, gizakia baizik; hau da, teozentrismotik antropozentrismora igaro dela.

Erdi Aroan, Jainkoa, fedea (kristautasuna, bereziki) oso inportantea zen Europan. Kristau onak izatea eta zeru merezi izatea zen askoren asmorik nagusiena. Aro Modernoan, ordea, fedea eta kristautasuna baztertu gabe, gizakiari gero eta garrantzi gehiago ematen hasi ziren. Gizakia bihurtu zen kultura eta artearen erdigune, gizakia jakinduriaren sortzaile eta lortzen ziren gauza onen hartzaile.

Zientzia kontuetan ere, aurrerapauso handiak egin ziren. Konturatu ziren gure lurra, gure planeta, biribila zela, eta ez laua, ordura arte gehienek uste zuten bezala. Magallaesek eta Elkanok eta munduari buelta osoa eman zioten (1519-1522), beti mendebalderantz nabigatzen. Munduan biribila zela frogaturik geratu zen horrela.

  • Nikolas Koperniko izeneko astronomo batek frogatu zuen lurra eguzkiaren inguruan biraka mugitzen zela, eta ez alderantziz. Gure lurra unibertsoko erdigunean zegoela pentsatzetik (geozentrismoa deitzen zaio horri), eguzkiaren inguruan jiraka zebilela pentsatzera (heliozentrismora, alegia) pasatu ziren. Kopernikoren ekarpenak garrantzi itzela izan zuten kontu honetan, Kopernikok erakutsi zuelako eguzki-sistemaren benetako mugimendua nolakoa zen.
  • Miguel Servet izeneko jakintsu batek frogatu zuen giza gorputzean odolak zainetatik bide luzea egiten duela.
  • Johannes Kepler. Kopernikoren teoriaren aldeko argudio bikainak idatzi zituen.
  • Galileo Galilei izeneko beste jakintsu batek teleskopio bat erabiliz aurkikuntza handiak egin zituen. Marte, Artizarra, Jupiter ETA Saturno aurreko inork baino hobeto ikusi zituen. Bestalde, Galileo konturatu zen Aristoteles eta haren jarraitzaileak oker zebiltzala pentsatzen zutenean gauza astunak azkarrago erortzen direla arinak baino. Hark frogatu bezala, bi bola batera erortzen badira, batera ailegatuko dira lurrera, nahiz eta bata bestea baino astunagoa izan. Hori frogatzeko, Pisako dorrea erabili zuen.
  • Isaac Newton izeneko zientzialari ingeles batek matematikak erabili zituen optika eta mekanika kontuetan mundua hobeto azaltzeko. Newton eta bere jarraitzaileek mundua Jainkoak egindako mekanismo perfektu bat bezala imajinatzen zuten, erloju konplikatu moduko zerbait zela uste zuten eta matematiken bidez gauzak hobeto uler zitezkeela.

Aurrerakuntza teknologikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zientzia eta teknologia kontuetan ere aurrerapen handiak egon ziren garai honetan. Gero eta itsasontzi hobeak egiten ziren, esate baterako. Nabigazio teknikak, mapak, teleskopioak-eta gero eta hobeak ziren. Baina historialari gehienek aurrerakuntza bat nabarmentzen dute: inprimatzeko makina. Erdi Aroan testu guztiak eskuz idatzi behar izaten ziren, astiro-astiro. Pentsa zenbat denbora behar zuten Biblia bezalako dokumentu bat kopiatzeko! Gainera Biblia liburu sakratutzat zeukaten eta oso kontuz ibili behar zuten testu sakratuekin: ezin zaie ezer ere aldatu. Historialari batzuen ustez inprimatzeko makinak garrantzi itzela du zientziaren eta gizateria osoaren aurrerakuntzan; hari esker kopiak modu gero eta azkarragoan egin zitezkeen eta gero eta liburu gehiago inprimatu ziren horri esker.

Artea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pizkunde edo Errenazimentua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Leonardo da Vinci (1452 - 1519) Errenazimentu edo Pizkundeko, arkitekto, musikari, asmatzaile, ingeniari, eskultore eta margolari bikain bat izan zen. Bera izaten da eredua "Errenazimentuko gizona" esamoldea erabiltzen denean. Esaten da bere garaiko jakinduria guztia batzen zuela bere baitan, jakin-mina aseezina zuela eta bikaina zela hainbat jakintza arlotan.
  • Michelangelo Buonarroti (1475 - 1564), Michelangelo Errenazimentuko eskultore, margolari, arkitekto eta olerkari ospetsu bat izan zen. Batez ere eskultore eta pintore lanengatik da oso ezaguna oraindik ere.
  • Raffaello Sanzio, Rafael bezala ezagunagoa (1483-1520), Pizkundeko margolari eta arkitekto bikain bat izan zen.

Barrokoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Diego Rodríguez da Silva y Velázquez (1599-1660ko]], Velazquez edo Diego Velazquez bezala ezagunagoa, espainiar margolari barroko bat izan zen.
  • Bartolomé Esteban Pérez Murillo (1617-1682), Murillo bezala ezagunagoa, izan zen garai honetako pintorerik entzutetsuena. Garai hartan Sevilla hiriak garrantzi ekonomiko itzela hartu zuen. Espedizio asko abiatzen ziren Cadizetik eta, batez ere, Sevillatik Amerikara. Ez da kasualitatea izango, beraz, hainbeste aberastasun ekonomikorekin Murillo bezalako pintore bikain bat han agertzea.