Wikipedia, Entziklopedia askea

Artikoa

Zirkulu artikoa, marra urdinez.

Artikoa Ipar Poloan dagoen izotz-masa bat da. Ez da kontinente bat (bai, ordea, Antartika, Hego Poloan dagoena).
Gertuen dituen herrialdeak hauek dira: Danimarka (Groenlandia uhartea), Norvegia, Ameriketako Estatu Batuak, Kanada eta Errusia. Ozeano Artikoa herrialde horien artean kokatzen da. Zirkulu Polar Artikoa deitzen den irudizko lerro batek eremuaren zati gehiena inguratzen du. Artikoko eskualdeak Lurreko biztanle gutxien duten eremuetako batzuk dira.

Artikoko lurrak orokorrean zuhaitzik gabeko lautadak dira; lautada horiei tundra deitzen zaie. Dena dela, leku batzuetan zenbait mendi ere badaude. Eremu gehienean, lurra beti dago izoztuta, eta bakarrik gain-geruza mehe bat desizozten da udan. Groenlandia gehiena izotz-geruza erraldoi batek estaltzen du urte osoan zehar.

Ipar Poloan Eguzkia ez da zerumugatik gora igotzen urteko sei hilabetetan zehar. Urteko gainerako egunetan, ez da inoiz ezkutatzen. Artikoa hegoalderago dago, eta beraz, neguan oso argi-ordu gutxi izaten dituzte. Udan zehar, bestalde, gauean iluntasun-ordu gutxi batzuk besterik ez dituzte.

Neguak eremu artikoetan oso hotzak dira. Urtarrilean tenperatura -68° C izatera heldu daiteke, eta udan 10° C-ra iristen da.

Landareak eta animaliak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikoaren gehiengoan ez dago zuhaitzik. Izeiak, laritzak eta pinuak hegoalderago dauden eremuetan bakarrik hazten dira. Tundretan likenak, goroldioak, belarrak eta zenbait loredun landare hazten dira.

Artikoko lehorreko animalia ohikoenak hartz zuria, karibu edo Elur-oreina, otso grisa, azeri artikoa eta erbi artikoa dira. Itsas txakurrak eta mortsak uretan eta itsasertzean bizi dira. Baleak eta hainbat arrain mota ozeanoan bizi dira. Elur-hontza urte osoan bizi da Artikoan. Beste hegaztiak uda garaian etortzen dira, besterik ez.

Biztanleria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikoko eskualdeetan natibo talde asko bizi dira. Errusian, nenetsak, jakutak, evenkak eta txuktxiak daude. Samiak Laponian bizi dira, Europako iparraldean dagoen eremu batean. Inuitak eta aleutiarrak Ipar Amerikan bizi dira. Herri horiek kokagune edo hiri txikietan bizi ohi dira.

XX. mendeko lehenengo hamarkadan, Europar jatorriko pertsona ugari kokatu ziren Artikoko eskualdeetan. Kolonoak, meatzaritza, petrolioaren erauzketa eta bestelako industrien ondorioz bertaratu ziren, eta horiek, herri eta hiri handiagoetan bizi ohi dira.

Historia apur bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herri natiboak milaka urtez bizi izan dira Artikoko eskualdeetan. Norvegiako bikingoak Islandian kokatu ziren 800. urtearen amaiera aldera eta Groenlandian 900. urtean.

XVI. mendetik aurrera, europar esploratzaileek Europa eta Asia arteko merkataritza-bide berriak bilatu zituzten. Batzuk mendebalde eta iparraldera joaten saiatu ziren, Ipar Amerika inguratzen. Beste batzuk, iparraldera eta ekialdera nabigatzen saiatu ziren, Asia inguratzen. Esploratzaile horiek Artikoko kostalde askoren mapak egin zituzten. Bitartean, bale-ehiztariek eta larru-merkatariek ere esploratu zuten Artikoa.

XX. mendearen erdialdean jada bazeuden eremu artiko gehienen mapak. Esploradore batzuek Ipar Polora iristea ere lortu zuten. Orduan joan ziren zientzialariak Artikoko landareak, animaliak eta mineralak aztertzera; gaur egun, munduko tenperaturen igoerak Artikoko ingurumenean nola eragiten duen aztertzen dute.