Asia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Asia munduan den kontinenterik handiena da. Azalerari begiratuta, mundu osoko lurren herena () da. Ia osorik Ipar Hemisferioan dago, eta 4.000 milioitik gora biztanle ditu; kontinenterik jendetsuena ere bada, beraz, munduko biztanleen % 60 inguru bizi direlako bertan. Leku batzuk oso populaturik daude edo biztanle asko dituzte (Indonesia, Txinako kostaldea edo India eta Bangladesheko lautada indo-gangetikoa), baina beste batzuetan, ordea, oso gutxi bizi dira (erdialdeko Asia, Siberia, Txinako mendebaldea edo Arabiar penintsula).

Haren mugei begiratzen badiegu, iparraldean Ozeano Artikoa du; ekialdean, Bering itsasartea, eta mendebaldean Itsaso Gorria, Itsaso Beltza eta Mediterraneoa, bai eta Ural mendiak ere. Berez, Asia Europari lotua dago, zientzian batzuetan Eurasia deitzen den makrokontinente edo kontinente handiago batean; Suezko ubideak eta Itsaso Gorriak banatzen dute Afrikatik, eta Bering itsasarteak, berriz, Amerikatik. Ozeano Artikoak, Indiako Ozeanoa eta Ozeano Barea inguratzen dute.

Asia, munduko mapan.

Asian daude munduko tokirik altu edo garaienak (Everest mendia, adibidez). Iparraldean, Siberiako lautadak eta goilautadak topatzen dira; erdialdean, mendi eta goilautada asko daude (Iran, Tibet), bai eta mendikate ugari ere, edo Gobiko basamortua; hegoaldean, ostera, mendiak eta lautadak topatzen dira.

Asiako ibaiak oso luzeak eta emari handikoak dira, mendikate handietan pilatzen den elurraren ondorioz eta lurralde zati batzuk oso euritsuak direlako. Asiako ibairik luzeena Yangzi (Ibai Urdina) da, Nilo eta Amazonas ibaien ondoren, munduko hirugarren luzeena; 6.300 kilometrotik gora ditu.