Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea

Atenas

Atena jainkosaren estatua.

Atenas Europako hegoaldeko hiri bat eta Greziako hiriburua da, bai eta herrialde horretako hiririk handiena ere. 2014ko datuen arabera, hiriak 660.000 biztanle inguru ditu; baina, metropoli-eremuan (inguruetan), ia 4 milioi lagun bizi dira. Izena Atena jainkosaren omenez du; antzinako Greziako mitologian edo sinesteetan, jakinduriaren jainkosa zen Atena.

Haren antzinako historiari esker, mundu osoko leku turistikorik bisitatuenetako bat da

Hiria Akropolia eta Likabitos muinoen azpian zabaltzen da.

Antzinako historian, oso hiri garrantzitsua izan zen. Orain dela 4.000 sortu zen eta K.a. V. mendean Perikles izeneko agintariak bultzada handia eman zien kultura, zientzia eta politikari . Akropolia ere berak eraikiarazi zuen. Garai hartan, jakintzak edo pentsamenduak eta zientziak aurrerapauso handiak eman zituen; zientzialari eta jakintsu ugari egon ziren, bai eta mundu osoko filosoforik garrantzitsuenetako batzuk, Platon eta Aristoteles.

Bestetik, demokrazia izeneko sistema politikoa antzinako Atenasen sortu zela esaten da, biztanleek agintariak hautatzeko aukera izaten zutelako. Gainera, hiriak botere militar oso handia zuen, eta, horri esker, K.a. 490. urtean, azpiratu egin zituzten Grezia konkistatu nahi zuten mediarrak, Maratoi izeneko leku batean izandako gudu batean; berdin gertatu zen 10 urte geroago, Salaminako guduan persiarren kontra, Atenas hiritik hurbil egon zen itsasontzien arteko bataila batean. Dena dela, horretarako, Greziako beste hiri batzuen laguntza ere izan zuten; baina, nolanahi, horri esker, Persiako inperioak ezin izan zuen Grezia konkistatu.

Geroago, gerra horietan Atenasi lagundu zioten hiriek, ordea, ez zuten nahi izan Atenasen mendeko bihurtu; baina Atenasko armada askoz indartsuagoa zen eta denak menderatu zituen; hartara, Atenas lurralde oso handi baten jaun eta jabe bihurtu zen garai batez. Gainera, gerretan irabazitako aberastasunei esker eraiki ahal izan ziren Atenasko eta beste leku batzuetako tenplu eta eraikin ederrak.

XV. mendearen erditik aurrera, Otomandarren Inperioaren mende egon zen; XIX. mendean lortu zuen Greziak bere independentzia eta, 1843an, Atenas bihurtu zen hiriburua. Baina garai hartan 4.000 biztanle besterik ez zituen.

Olinpiadak bi aldiz jokatu dira Atenasen, 1896 urtean eta 2004 urtean.

Leku ikusgarriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atenasko Akropoliaren barnean eraikin ezagun asko daude, hala nola Partenoia eta Erekteion. Sintagma plaza hiriaren enparantzarik garrantzitsuena da.