Wikipedia, Entziklopedia askea
Aurora australa Zeelanda Berrian.

Aurora polarra Lurreko poloetan gauez zeruan agertzen den distira moduko bat da. Ipar poloan sortzen denari “aurora boreala” (boreal, grezieraz iparraldea esan nahi du) deitzen zaio; eta hego poloan sortutakoari, berriz, “aurora australa”. Urritik martxora bitartean ikus daitezke, batez ere hotza egiten duenean. Hil egokienak urtarrila eta otsaila izaten dira.

Zergatik gertatzen da?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eguzkiak argia eta beroa ez ezik, energia eta partikula txiki-txikiak ere bidaltzen ditu gure planetara. Lurrak duen eremu magnetikoak energia eta partikula horietako gehienetatik babesten gaitu, eta ez gara ezertaz konturatu ere egiten.

Baina Eguzkiak ez du beti energia-kantitate berbera bidaltzen denbora guztian. Eguzki-haizea delakoa egoten da, eta eguzki-ekaitzak ere badira noizean behin. Horrelako ekaitzak gertatzen direnean, Eguzkiak elektrifikatutako gas burbuila handi-handi bat bidaltzen du kanpora, lastertasun oso handian. Lurrera iristen denean, energiaren eta partikula txikien zati bat Lurraren eremu magnetikoak poloetan dituen lerroetatik sar daitezke gure atmosferan. Han, partikula horiek atmosferako gasekin erreakzionatzen dute eta, horren ondorioz, argitasun ederrak sortzen dira zeruan.

   Ba al dakizu   
Aurorak ez dira Lurrean bakarrik gertatzen. Beste planeta batzuetan ere gertatzen dira, Jupiter eta Saturnon, adibidez. Horretarako, atmosfera eta eremu magnetikoa eduki behar dituzte.

Auroren koloreak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurora polarren koloreak eta itxurak ez dira beti berdinak eta, gainera, denbora pasatu ahala, oso azkar aldatzen dira. Oxigenoak argi berde eta gorria eragiten du; nitrogenoak, aldiz, distira urdin eta morea izaten du. Gauaren hasieran, arku txikiak izaten dira eta ondoren zeru osoa estaltzen dute. Egunsentian, berriz, desagertu egiten dira. Auroren kolorea beren konposizioaren araberakoa izaten da.