Wikipedia, Entziklopedia askea

Azeria animalia ornodun haragijale txiki ugaztuna da.

Azeria belarretan

Nolakoa da?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mutur zorrotzeko buru txikia du, eta hiruki formako belarriak, alde guztietara bira ditzakeenak. Txakur ertain baten gorputzaren tamaina du, gutxi gorabehera (60-80 zentimetro inguru). Buztanak, 25-50 zentimetro artean neurtzen du. Arrek 6-7 kiloko pisua izan ohi dute; eta emeek, berriz, 4-6 kilo ingurukoa. Gauez oso ondo ikusten du. Izan ere, azeriak gauez bakarrik ehizatzen du. Bere usaimen eta entzumen finari esker, edozein animalia txiki ehizatzeko gai da.

Azeri guztiak berdinak dira?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Askotariko azeriak daude mundu osoan zehar. Bizitzeko behar dituzten baldintzak (esaterako, klima eta elikadura) betetzen diren toki askotan eta askotan aurkituko ditugu:

  • Azeri gorria edo azeri arrunta: guztietan arruntena da. Mundu guztian aurki liteke eta Euskal Herrian aurkitu daitekeen bakarra. Ile gorrixka izaten du bizkarrean eta txuria sabelean edo beheko aldean. Azeri artikoa : azal zuri eta lodia duen azeri hau oso hotz egiten duen tokitan bizi da. Bere gorputza gai da eguzki izpiak jasateko, eta bere koloreak beste harrapakinengandik ezkutatzen laguntzen dio. Errusian, Islandian, Groenlandian, Alaskan… aurkitzen dira.
  • Fenek/Basamortuko azeria: etxeko txakur txiki baten tamaina du azeri honek (guztietan txikiena da). Buruarekin konparatuz gero, oso belarri handiak dituela dirudi. Afrika da beraien bizilekua.
    Basamortuko azeri txikiak, fenek izenekoak.
  • Azeri grisa: besteak ez bezala, egunez ikus dezakegu kalean. Katuen moduan, gai da zuhaitzetara erraztasunez igotzeko. Amerika hegoaldean bizi ohi dira.


Nola ugaltzen da?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

   Ba al dakizu   

Azeriaren arerio nagusiak gizakia, katamotza eta arranoa dira.

Azerien Ugalketa garaia neguan zehar izan ohi da (abendutik otsailera). Denbora horretan, arra emearekin egoten da kumeak elikatzeko. Emeak hilabete eta erdiz edukitzen ditu kumeak sabelean eta hiru kumetik zortzira arte edukitzen dituzte normalean. Kumeak jaiotakoan, larru beltz batez estalita egoten dira. Ondoren, 5 hilabete inguru bizirauten ditu familiartean, bere kabuz bizitzera joan aurretik. Azeriek behin bakarrik erditu ditzakete haurrak urtean. Horregatik, hauen bizi itxaropena 5-7 urtekoa denez, bizi guztian 6 aldiz erditu dezakete askoz jota.

Azerikume bat.






Nola elikatzen dira?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Usaimen eta entzumen bikainak ditu. Harrapakin txikiak ehizatzeaz gain, handiak ere ehizatzen ditu. Harrapakina handia bada (hegazti edo untxi bat) bere gordelekura eramaten du, horrela, janaria denbora luzez izateko. Ugaztun honek denetarik jaten du: txoriak, txorien arrautzak, zizareak, intsektuak, fruituak...

   Ba al dakizu   

Idiazabalgo biztanleei azeriak deitzen zaie.

Oso gutxitan gertatzen bada ere, posible da azeri batzuek besteak jatea. Talde batean bi azeri emek umeak jartzen badituzte, baten azerikumeak jaten dituzte batzuetan. Posible da ere kasuren batean beste toki bateko azeri baten umeak ekartzea bere azerikumeei, elika daitezen. Bestalde, jaio orduko euren indarra erakusteko borrokatzen dute. Jaiotzen diren umeen %20a hil egiten dira lehenengo lau astetan borroka hauen ondorioz. Beraz, ezinbestekoa zaie ahulak ez direla erakustea.

Zeinek jaten ditu?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azeriak 10 urtez bizi daitezke; hala ere, lehenago hiltzen dira haietako asko, autoek harrapatuta edota ehiztariengatik. Harrapari gutxi dituzte: gizakiaz aparte, otsoek eta katamotzek bakarrik harrapatzen dituzte, eta, oso noizean behin, arranoren batek edo beste harrapariren batek harrapatuko du azeri txikiren bat.

Non bizi dira?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azeriak edozein lekutan bizi daitezke: lautadetan, mendietan, leku hotzetan edo basamortuko inguruetan. Gure inguruan, basoetako haitzen arteko zuloetan eta enbor tarteetan bizi dira. Toki ezkutuetan egiten dituzte bizilekuak, elikadura bertan seguru gorde ahal izateko. Animalia hau bakartitzat hartzen den arren, bikotearekin ere bizi izaten da. Bakarrik bizitzeak, arazo larri bat eragiten diete: gaixotasunengan sentikor izatea. Hala ere, egoera berrietara egokitzeko gaitasuna oso garatua dutenez, azeriak kopuru handian mantentzea lortu dute.

Esan bezala, ingurune naturalean bizitzea zaila egiten zaie, urteko heriotza-tasa %50-%70 izanik. Azeri basatiek 10 urtera arte ere bizi izateko gaitasuna dute, baina urte horietara iristerako artritisa izaten dute, eta gainera hortz gehienak galduak dituzte. Bestalde, gatibutasunean bizi diren azeriek 14 urtera arte bizitzeko ahalmena dute.

Bitxikeriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Azeriak salto egiten duenean, buztana erabiltzen du oreka mantentzeko.
  2. Azeriaren ezaugarrietako bat lapurretarako trebezia dela esaten da. Ondorioz, hainbat kanta eta olerki idatzi dira.
  3. Azeriaren etsai nagusia gizakia da. Ingalaterran, adibidez, azeri ehiza kirol bat zen.

Gehiago jakin nahi baduzue[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Sainz, A. (2009). Azeria.
  • (Gaztelaniaz) Fernández Perez, A. (2012). Zorros.