Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea

Azido desoxirribonukleiko

DNA zelula nukleoaren kromosometan dago

Azido desoxirribonukleikoa, normalean DNA deiturikoa, espezie baten ezaugarri guztiak (gorputzaren forma, begien kolorea, ilea, etab.) kodetzen dituen molekula da. Antolamendu manual bat bezalakoa da. Gizakiaren zelula bakoitzak, animalien eta landareen espezie guztienak bezala, nukleo bat dauka eta nukleo horretan kromosomak daude. Kromosoma horiek dira DNA molekulak dituztenak.

DNA molekula oso berezia da; beste molekula guztien aldean, DNA da ugaltzeko gaitasuna duen molekula bakarra. Horrek esan nahi du bere buruaren kopiak egin ahal izaten duela. Horregatik esan ohi da DNA "molekula bizia" dela, ugaldu egiten baita.

Horretaz gain, DNA izaki bizidunetan besterik ez dago. Biziaren molekula da. Materia ez-bizidunean ez dago DNArik, adibidez harri batek ez du molekula hori. Bizidun guzti-guztietan dago DNA: mikrobio txikienetatik elefante handi bateraino. Animaliak, bakterioak, birusak, landareak... denak dira DNAren eramaileak.

Justu zelula bat bitan banatu aurretik zelularen DNA bikoiztu egiten da, kromosomak ere bai, eta zelula-ume bakoitzak hasierako zelulak zeukan kromosomen kopuru bera jasotzen du.

DNAk batez beste 521 urteko bizitza dauka, horregatik ezin daiteke DNArik aurkitu 6,8 miloi urte baino gehiago dituzten fosiletan: beraz, ezin daiteke tiranosauro bat klonatu.

DNAren molekula helize bikoitz bat da, zeinetan hari bakoitza bestearen kontran orientatuta dagoen ( ⇋ ). Lau base nitrogenatuz osatuta dago, zeintzuk ordena zehatz batean doazen. Lau base nitrogenatuak: A (adenina), T (timina), G (guanina), eta Z (zitosina) dira. Hari bakoitza bestearen osagarri zehatza da. A bakoitza beti T batekin doa eta G bakoitza Z batekin.


Adibidea:

1. haria ⇀ ATTZAGZTGGZZ

2. haria ↽ TAAGTZGAZZGG


Aurreko adibideak 12 base pare nola jartzen diren erakusten du. Izaki bizidunetan, 3 miloi base pare baino gehiagok osatzen dute genoma. Genoma deskodetu egin behar da zelularentzat baliagarria izan dadin; kode genetikoaren papera da.

DNAren garrantzia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

DNAk zelularen informazio genetikoa dauka. Geneak (herentziaren unitateak, gurasoengandik seme-alabengana herentzia biologikoaren ezaugarriak transmititzen dituztenak) DNAn daude, DNAren zatiak dira. DNAk kode edo klabe berezia dauka bere osagaietan, proteinak sortu ahal izateko behar den klabea. Proteinak zelularen funtzionamendurako ezinbestekoak dira substantziak dira, beraz DNAk izugarrizko garrantzia du proteinak sortzeko eta zelularen funtzionamendurako.

Pertsonak ez gara hain desberdinak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jende askok bestela uste duen arren, pertsona baten DNA beste edozein pertsonaren DNA bezalakoa da % 99,5ean. Antzekotasun hau % 100ekoa da biki monozigotikoetan, “benetako biki” izenez ere ezagunak direnetan, bata bestearen klonak baitira biologiaren ikuspuntutik. Baina diferentzia txikiek gizaki bakoitza bakar egiten dute, adibidez hatz aztarnek. Hauek “benetako bikietan” ere desberdinak dira.

Era berean, antzekotasuna handia da gizaki modernoaren eta Neandertalen artean.