Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea
👨‍👨‍👦‍👦
Biztanleak
1.149.460
🔎
Azalera
4.991,66 km²
🏙️
Hiriburua
Palma Mallorcakoa
📷
Argazkiak
ikusi
Balear uharteen kokapena

Balearrak Mediterraneo itsasoaren mendebaldeko uhartedi edo artxipelago bat dira. Espainiako probintzia eta autonomia-erkidego bat ere badira Balearrak.

Uhartedia Iberiar penintsularen ekialdean dago, bertatik 80 eta 300 km arteko distantzian. Bi uharte multzo daude. Ekialdeko multzoa da handiena, eta berez irla hauek bakarrik dira Balearrak, hitzaren zentzu hertsian. Mallorca eta Menorca uharte handiek eta Cabrera uharte txikiak osatzen dute multzo hau. Mendebaldeko taldeari Pitiusak deitzen zaie, eta Eivissa eta Formentera uharteek osatzen dute.

1983ko autonomia-estatutuaren bidez sortu zen Balear Uharteetako autonomia-erkidegoa. Palma da autonomia-erkidegoaren hiriburua. Gobernuak Mallorcako, Menorcako, Eivissako eta Formenterako uharteetako kontseiluak hartzen ditu barne.

Guztira, Balearrek ia 5.000 km2-ko azalera eta 1,1 milioi biztanle zituzten (2019an).

Balearretako autonomia-erkidegoaren bandera

Balearrek askotariko erliebea dute, muinoz, goi-lautadaz eta behe lurrez osatua. Menorcak lautada zabalak ditu. Euri gutxi egiten du, ez da ohikoa urtean 450 mm baino gehiago egitea, eta udazkenean eta udaberrian egiten du gehien.

Pirata berbereen erasoen ondorioz, bertakoek ez zuten kostaldean bizi nahi izan XIX. mendera arte. Aldiz, XIX. mendearen erdialdetik aurrera turismoak izandako gorakada dela eta, biztanleria gehiena kostaldean bizi da orain, eta barnealdea hustu egin da. Mallorcan eta Menorcan, biztanleria oso pilatuta dago hiri handietan, eta Eivissan eta Formenteran, ordea, sakabanatuago daude biztanleak. Nekazaritza-lurrak minifundiotan egoten dira banatuta normalean, eta latifundioen kopurua nabarmen murriztu da 1920az geroztik.

Barne-emigrazioa asko gutxitu du irletako nekazarien kopurua. Labore mediterraneo tradizionalak izan ziren nagusi 1830era arte, garia, mahatsa eta oliba esate baterako, baina handik aurrera garraioa hobetu egin zen eta merkataritza-labore berriak urrutiragoko merkatuetara garraiatzea ahalbidetu zuen. Almendrak, melokotoiak, abrikotak, algarrobo-lekak eta tomatea izan ziren labore berri horietako batzuk. Lehorreko nekazaritza da nagusi, musulmanek ureztapenerako eraiki zituzten noria eta haize-errotek han jarraitzen duten arren. Richard Kane izan zen Menorcako gobernari 1712 eta 1736 artean, eta Afrika iparraldeko behi eta ardiak eta Sardiniako txerriak ekarri zituen uharteetara; gaur egun oraindik ere abere arraza hauek hazten dira.

Industriak nahiko garrantzi txikia du, eta lantegi gehienek langile gutxi dituzte. Oinetakoak, altzariak eta oihalak ekoizten dituzte. Turismoa da ekonomia-jarduera nagusi, baina ez da urte osoko lana izaten, eta langile askok ez dute lanik izaten neguan.

Hainbat zibilizaziok izan dute eragina uhartedian. Zibilizazio talayotiko bat izan zen historiaurrean; izen hori talayot izeneko harri landugabezko dorre berezi batzuek eraikitzen zituztelako jarri zieten. Mediterraneo itsasoaren erdigunean egonik, etengabe izan zituzten harremanak ekialderagokoak ziren zibilizazioekin, aurkikuntza arkeologiko askok adierazten duten moduan. Denboran zehar izandako harreman hauen froga dira hainbat aurkikuntza garrantzitsu, hala nola brontzezko ezpatak, aizkora arrunt eta bikoitzak, ezpata antenadunak eta zezen buru eta gorputzak. Uhartedia kartagotarrek, erromatarrek, bandaloek, arabiarrek, aragoiarrek eta espainiarrek gobernatu zuten, hurrenez hurren.

Bandaloek 526an konkistatu zituzten Balearrak, eta bizantziarrek 534ean. 903an uhartedia musulmanen menpe geratu zen. Jakue I.a Aragoikoak Mallorca eta Eivissa 1229 eta 1235 artean menderatu zituen, eta Alfontso III.ak Menorca 1287an. Balearrak erresuma autonomo bilakatu ziren 1298an eta 1349an elkartu ziren berriz Aragoirekin.

Britainiarrak Maó izeneko hiriaz jabetu ziren 1708an, eta 1713ko Utrechteko Itunak Menorca eman zien 1802ra arte. Balearrak 1833an bilakatu ziren Espainiako probintzia. Autonomia-estatutu bat proposatu zen 1931ean, baina uhartediak 1983ra arte ez zuen gobernu autonomorik izan.