Wikipedia, Entziklopedia askea

Barraskilo

Barraskilo txiki bat

Barraskiloa, animalia ornogabea da, hau da ez du barne eskeletorik eta Molusku taldekoa da. Barraskiloak gastropoda azpitaldean sailkatzen dira.

Gorputz biguna eta likatsua dute eta hau oskol baten bidez estaltzen dute. Oskol hau ezkutatzeko erabiltzen dute arriskuan daudenean eta honen tamainak bere adina adieraziko digu, hau da, gero eta handiagoa baldin bada, orduan gero eta zaharragoa. 200.000 espezie baino gehiago aurkitu daitezke munduan zehar, eta ez dira denak lurrean bizi.

Haien gorputza mugitzeko, kontrakzio muskularren bidez egiten dute, hau da, muskulua gogortuz eta bigunduz. Horretarako lehenik mukia uzten dute lurrean errazago mugitu ahal izateko. Ezin dute egun argia jasan, hori dela eta, gauez eta egun hodeitsuetan irteten dira batez ere.

Nolakoak dira?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

   Ba al dakizu   

Barraskiloak hemafroditak dira, bi sexuetako genitalak dituzte. Hau da, edozein barraskilok jarri ahal ditu arrautzak.

Barraskiloen gorputza bi ataletan banatuta dago, batetik oskola eta bestetik oina. Oskola pieza bakarra da, gogorra eta espiralean bilduta dago. Oina berriz, masa gihartsu eta likatsu bat da eta horren gainean jartzen da barraskiloaren gorputza.
Lau antena dituzte, bi handi eta bi txiki. Handienak, gora begira daudenak, ikusteko eta ukitzeko erabiltzen dituzte. Aurrera begira dituztenetan berriz, hau da, txikietan, ukimena eta usaimenaren zentzumenak dituzte.

Barraskilo baten anatomia: 1. oskola 2. gibela 3. birikiak 4. uzki edo ipurtzuloa 5. arnaste poroa 6. begia 7. tentakulu edo garroa 8. garuna 9. listu-hodia 10. ahoa 11. sabela 12. listu-guruina 13. poro-genitala 14. zakila 15. alua 16. muki-guruina 17. umetoki-tronpa 18. dardo poltsa 19. oina 20. urdaila 21. giltzurruna 22. mantua 23. bihotza 24. hodi deferentea


Zer jaten dute?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Barraskilo baten ahoa

Belarjaleak dira gehienak, baina badaude ere orojale edo haragijaleak. Fruituak eta barazkiak dira gehien jaten dituzten elikagaiak, hala nola, uraza, kardu, zerbak... Jateko hagin oso txikiak dituzte ilaratan jarrita eta haien marruskaduraren eraginez jaten dute.



Nola ugaltzen dira?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Barraskiloak ugalketa prozesuan

Obiparoak dira, hau da, arrautzak jartzen dituzte. Berezitasun bat dute, hermafroditak direla, hau da, sexu maskulino zein femeninoa dituzte. Sexu harremanak 2 eta 12 ordu bitartekoak izaten dira normalean. Hemafroditak izanda, biek erabiltzen dituzte bai ugaltze organo arra bai ugaltze organo emea. Baina kopulatzen hasi aurretik, dardo bat jaurtitzen diote elkarri, horrela ugaltze aparatuak aktibatuz eta sexu harremanetarako prestatuz. Dardo hau jaurti eta gero elkartu egiten dira eta sexu harremana hasten da eta biak ernalduta irteten dira. 15-20 egun beranduago, barraskiloek zulo bat egingo dute lurrean bertan arrautzak jartzeko. Barraskilo motaren arabera arrautza gehiago edo gutxiago jarri ahal dituzte baina ohikoena 100 arrautza inguru jartzea da.


Non bizi dira?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Normalean hezetasun handia dagoen tokietan bizi dira, eta honen arabera hiru mota bereizten dira; lurrean bizi direnak, ur gazitan (itsasoan) bizi direnak, eta ur gezatan (erreka, laku, putzu...) bizi direnak. Ez dute beroa gustuko, horregatik normalean egun hodeitsuetan edo gauean aurkituko ditugu. Hala ere, badaude basamortuan bizi diren barraskiloak. Oskol barruan pasatzen dute bizitza gehiena eta oso ondo antolatzen dute erabiltzen duten energia. Animali bakartiak dira eta ez dira leku finko batean geratzen, oso astiro joan arren etengabe mugitzen dira. Batzuetan elikagaiak dauden lekuan edo ugaltzeko elkartzen dira.

   Ba al dakizu   

Barraskilo gehienak ez dira 6 urte baino luzeago bizitzen. Hala ere, aurkitu dira 25 urtez bizi diren barraskilo basatiak.