Wikipedia, Entziklopedia askea

Belarri

Giza-belarriaren anatomia.

Belarriak gizakion eta beste animalia batzuen gorputz-atal batzuk dira, entzuten uzten dutenak. Belarriek soinu-uhinak jasotzen dituzte airetik eta burmuinak soinu modura ulertzen dituen seinale bihurtzen ditu. Gainera, gorputza orekan edukitzen ere laguntzen dute.

Giza belarrian hiru atal bereizten ditugu: 1.- Kanpo-belarria: energia akustikoa jaso eta erdiko belarrira bideratzen du.

2.- Erdiko belarria: energia akustikoa energia mekaniko bihurtzen duena, azkena barne-belarrira eramanez eta anplifikatuz.

Txakur honen belarriak handiak dira eta puntan daude. Honek hobeto entzunarazten die.

3.- Barne-belarria: azkeneko pauso gisa, energia mekanikoa bulkada-elektriko ugari bihurtu eta burmuinera bideratzen du entzumen-nerbioaren bidez.

Kanpo-belarria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo-belarria, garezurreko hezur tenporalean kokatuta dago. Entzuterakoan, soinu-uhinak jaso eta barrurantz bideratzeko dago egina.

Kanpo-belarriak hurrengo atalak ditu:

  • Belarri-hegala: buruaren bi aldeetan ikusten dugun atala da; kartilago izeneko material sendo batez egina dago eta azal lodi batez estalia. Airean dauden soinu-uhinak jaso eta kanpo-entzunbidera bideratzen ditu.
  • Kanpo-entzunbidea: hezur tenporalean kokatuta dagoen 2.5 cm inguruko luzerako hodia. Gainera, ile-folikulu eta gantz-guruinak (belarriko argizaria jariaten dutenak) ditu. Soinuak belarri-mintzera bideratzen ditu.
  • Belarri-mintza: tinpano ere ohi deitua, kanpo-entzunbidean eta erdiko belarriaren artean dagoen mintz mehe eta erdi gardena da. Soinu-uhinak jasotzean, bibratu egiten du eta bibrazio horiek erdiko belarrira pasatzen ditu.
Kanpo-belarria.

Erdiko belarria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erdiko belarria ia lauki-formakoa den barrunbe edo espazio bat da; hezur tenporaleko barruko aldean kokaturik dago. Airez beterik dago. Gutxi gorabehera, 1,9 cm-ko altuera eta 0,5 cm-ko zabalera du. Barruan hiru hezurtxo ditu, elkarrekin lan egiten dutenak bibrazioak barne-belarrira bidaltzeko.

Erdiko belarriko atalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erdiko belarriak ondorengoak ditu:

  • Barrunbe tinpanikoa.
  • Belarriko hezurtxoak: Mailua, Ingudea eta Estribua; hala ere, zenbait autorek laugarren hezurtxo bat gehitzen dute, Lentikular deiturikoa.
  • Hezurtxoetako giharrak.
  • Zelda mastoideoak.
  • Eustakioren tronpa.

Barne-belarria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Likidoz beteta dago. Barruan entzumenaren organo nagusia du, hodi biribilkatu bat barakuilu edo koklea deitzen dena. Bibrazioek uhinak sortzen ditu koklean; uhin horiek dira burmuinera bidaltzen diren soinu-seinaleak sortzen dituztenak. Barne-belarrian badaude beste geitura batzuk, hodi erdizirkularrak, gorputzaren orekari eusten laguntzen dutenak.

Hurrengo egiturek osatzen dute:

  • Bestibulua: bi zatitan banatuta dago, utikulua eta sakulua. Utikulua hodi erdizirkularrekin, eta sakulua koklearekin lotuta daude.
  • Hodi erdizirkularrak: forma erdizirkularra duten hiru hodi dira; horietako bi posizio bertikalean daude eta bestea horizontalean (aurrekoa, atzekoa eta albokoa). Hodi erdizirkularren zeregina, gorputz eta begietako propiozeptoreekin batera, gorputzaren oreka mantentzea da.
  • Koklea, barakuilu ere deitua, hodi kiribildu-formako organoa da; arrapala izeneko hiru luzeretako barrunbez osatuta dago (arrapala tinpanikoa, arrapala bestibularra eta arrapala koklearra), basilar eta Reissner izeneko mintzez banatuta daudenak.