Wikipedia, Entziklopedia askea

Benjamin Franklin

Eduki-taula

👶
Jaiotza
1706ko urtarrilaren 17a
Boston
💀
Heriotza
1790eko apirilaren 17a
Filadelfia
🔨
Lanbidea
politikari
📷
Argazkiak
ikusi
Benjamin Franklin.

Benjamin Franklin XVIII. mendeko idazle, argitaratzaile, zientzialari eta asmatzaile estatubatuar bat izan zen. Hala ere, oraindik ere ezagunagoa da politikaria ere izan zelako Ipar Ameriketako kolonietan eta Estatu Batuetan.

Franklin Boston hirian jaio zen 1706ko urtarrilaren 17an. 10 urterekin utzi zuen eskola eta 12 urterekin anaiaren inprentan lan egiten hasi zen.

1723an Filadelfiara joan zen bizitzera, inprimatzaile-lanetan jarraitzeko. Haren argitalpenik ezagunena Poor Richard 's Almanack (Richard gaixoaren almanaka) izan zen. Almanakak Franklinen esaera barregarriak biltzen zituen. Honako hau zen ezagunetako bat: “Early to bed and early to rise, makes a man healthy, wealthy, and wise” ("Ohera goiz joan eta goiz jaikitzeak, gizona osasuntsu, aberats eta jakintsu bihurtzen du").

Franklinek hainbat zerbitzu publiko hasi zituen Filadelfian, suhiltzaileen departamendu bat, ospitale bat, aseguru-etxe bat eta liburutegi bat, besteak beste. Gainera, Franklinek eraikitako eskola bat Pennsylvaniako Unibertsitate bihurtu zen gerora.

Pentsalari zientifiko eta asmatzaile bikaina zen Franklin. Esate baterako, berogailua asmatu zuen, gelak berotzeko erabiltzen zena, eta baita bifokal deituriko bi fokuko betaurrekoak ere. Elektrizitatearekin egindako esperimentuek tximistorratzaren asmakuntza ekarri zuten. Metalezko makila horrek eraikinak tximistetatik babesten ditu.

Franklin buruzagi politiko errespetatua izan zen Amerikako Iraultzaren aurreko urteetan. 1765. urtean Erresuma Batuko Parlamentuak Zigiluaren Legea onartu zuen, kolonietako inprimaketaren gaineko zerga bat. Legeak kolonoak haserretu zituen eta Franklinek britainiarrak konbentzitu zituen erretiratzeko.

1775ean, Britainia Handiarekiko gerra gero eta hurbilago zegoela, Franklinek Bigarren Kongresu Kontinentalean parte hartu zuen eta Ameriketako Estatu Batuetako Independentzia Aldarrikapena idazten lagundu. 1776an Frantziara bidaiatu zuen Iraultzarako laguntza bila eta gero, 1787an, Estatu Batuetako Konstituzioa sinatu zuen.

Azken urteetan, Franklinek bere autobiografia idatzi zuen. Esklabotzarekin amaitzeko ere lan egin zuen. Filadelfian hil zen 1790eko apirilaren 17an.