Wikipedia, Entziklopedia askea

Historiaurrea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Brontze Aroko gizakia geroz eta sedentarioagoa bihurtzen joan zen, nekazaritzan izandako aurrerapenei esker eta artzaintza izaera hedatzen joan zelako.

Burdin Aroko eta Erromanizazioko informazio oso gutxi dago Bergarari buruz. Baina esan daiteke garai honetako leku-izen edo toponimo batzuk aurki ditzakegula baserri eta auzoetan. Besteak beste: Lamariano, Amatiano, Paternitia, Marindano...

Erdi Aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bergarako hiribildua eskaintzeko dokumentua, 1268koa

Villanueva de Vergara hiribiduaren sorrera 1268ko uztailaren 30ean eman zen. Alfontso X.ak sortu zuen Ariznoan, izan ere, Gasteiz, Deba eta Mutrikuko portuak lotzeko Errege bideko puntu garrantzitsua zen. Honek herritarrei eskubide eta pribilegio ugari eskaini zizkien.

Garai honetan Bergara, Goenkale, Barrenkale eta Artekalek osatzen zuten eremu angeluzuzen bat zen, 230 orubetan banatua eta 70 biztanle zituen. Hiribildu hau harresiarekin inguratuta zegoen eta hau hedatzen joan zen Bidekurutzeta eta Masterreka sortuz. San Pedro eliza ere bertan kokatuko da.

Hiribilduaren sorrerak, bi errealitate sortu zituen, batetik, landa-eremua egongo zen eta bestetik hiri-eremua. Honekin batera, hiri populazioa indarra hartzen joan zen, eta baldintza sozioekonomiko ezberdineko hiritarrak elkarbizitzen hasi ziren, hiri barruan bizitzeak zituen abantailak eraginda. Landa eremuan, nekazariak eta abeltzainak bizi ziren eta barnealdean ordea, merkatari eta artisauak. Bergaran astean 3 aldiz egiten zen azoka, eta gainera taberna, okindegi zein denda ugari ireki ziren.

Aro Modernoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errege-erregina katolikoen garaian, egonkortasun politikoa eta oparotasun ekonomikoa izan ziren nagusi herrian. Garai honetan, hazkunde demografiko nabarmena eman zen.

Garai honetan zehar, administrazioan, armadan edota burdina merkaturatzen ibilitakoak asko aberastu ziren eta dorretxeak eraikitzen hasi ziren herrian. Esaterako Ondartza, Olaso, Arrese, Ozaeta eta Egino Mallea.

XVII. mendean merkataritza krisia etorri zen eta lurrek balio handia hartu zuten aberatsentzat.

Bergarak merkataritzako kokaleku estrategikoa zuen, izan ere, bide-sare garrantzitsuaren parte zen, barnealdea kostarekin lotzen zuelako.

1644an Soledadeko Ama Birjinaren eskola sortu zen eta honen ondoren 1799an Mariaren Lagundia ikastetxea ireki zen.

1776an Bergarako Errege Mintegia sortu zen, Euskal ilustrazioaren sinbolo izan zena, eta gainera herriari ospe handia eman ziona. Kalitatezko hezkuntzaren eta ikerketa zientifikoen aitzindari izan zen.

Aipatzekoa da erlijioak indar handia zuela garai honetan eta eliza eta jai erlijiosoak izan zirela komunikatzeko gune nagusiak.

XIX. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bergarako besarkada.

1793.urtetik aurrera 3 gerra egon ziren. Kokalekuagatik eta Errege Mintegiak jendea hartzeko zuen aukeragatik, soldadu ugari etorri ziren Bergarara. Hauek mantentzeko dirua behar zenez, Udalak lur publikoak pribatizatu zituen.

I.Karlistadan ere puntu estrategiko bezala kokatu zen Bergara eta horregatik Karlosen eta Isabelen aldeko bi bandoen helburua, herria bereganatzea izan zen. 1835. urtean Zumalakarregi izan zen herria menperatzea lortu zuena. 1834. Urtean txingor eta uholdeak izan ziren eta Bergara muturreko pobrezia egoeran sartu zen.

1839. urtean Bergarako Besarkada eman zen Espartero eta Marotoren artean, eta honek herria poztasuna ekarri zuen. Foru-eskubide batzuk galdu ziren arren, onura ugarri ekarri zituen. Garai berri baten hasiera eman zen, esportaziorako bideak zabalduz eta merkataritza modernoan inbertsio handiak eginez. Honek lurren pribatizazioa ekarri zuenez, landa eremua lantzen hasi ziren ortu zein baserriak gehituz. Garai honetan, artoa izan zen labore nagusia.

Bergara modernitaterantz (1860-1936)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiri eremua nagusitasuna hartzen joan zen eta honekin batera bigarren sektorea indartu egin zen. Gainera trenbide zein zerbitzu berriak iritsi ziren herrira eta honek biztanle kopurua nabarmen igo zuen.

Hilerria, epaitegia, Bergarako ospitale santua, garbitoki publikoak, bolatokiak, hiri-lorategiak, zuhaitzak, Espoloiko kioskoa…garai honetakoak dira.

1888an iritsi zen trena lehen aldiz Bergarara, Durango-Zumarraga lineari esker eta 1919an Gasteiz-Bergara linea ere osatu zen. Linea hauek ordea itxi egin ziren; 1967 an Gasteizko lotura eta 1972an bestea.

Industriaren garapena nabarmena eman zen garai honetan. Landa eremua alde batera gelditu zen eta demografia ere asko handitu zen. Auzo berrien sorrera ere eman zen: Ubera eta Angiozar (1927), Martokua-Zabalotegi-San Lorentzo-Matxiategi (1950-1960) eta Bolu (1980).

Bergarako eremu politikoan ideologia berriak finkatzen joan ziren. Nazionalismoak herrian indar handia hartu zuen eta oso mugimendu aktiboa izan zen gainera. 1920an lehen alkate nazionalista izendatu zuten Iñaki Unzeta. Langile mugimendu eta ezkertiarrek botere gutxi zuten herrian, gatazka gutxi zeudelako garai horretan. 1923. urtean ordea, Primo de Riveraren diktadurarekin nazionalistak klandestinitatera jo zuten eta barne krisi bat eman zen. Hau amaitzean, EAJ/PNV eratu zen eta aipatzekoa da Telesforo Monzon bergararra honen parte izan zela. Honen aurkako mugimendu bat sortu zen eta bertatik EAE/ANV alderdia sortu zuten eta bertan protagonista Justo Garate izan zen.

II.errepublika iritsi zenean, demokraziari esker, nazionalistek Bergarako udal-hauteskundeak irabazi zituzten 1931, 1933 eta 1936. urteetan.

Espainiako Gerra Zibila Bergaran[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Luis Aranzabal Gabilondo, Gerra Zibilari buruz hizketan

1936ko irailaren 21ean Bergara menderatua izan zen. 700 pertsona inguruk hartu zuten parte bertan, tartean 200 Errepublikaren aldekoak. Luis Ruiz de la Prada jarri zen Udala zuzentzen egun gutxiren buruan eta, Udal-agindu gogorrak emateaz gain, garbiketa politikoa egin zuen Udalean. 1937ko apirilaren 24 arte, batailoi ugari eman ziren herrian, eta Franco bera ere Bergarara hurbildu zen. Bergaran bonbardaketa batzuk izan ziren arren, erabat suntsitua gelditu zena Elgeta izan zen.

Enseñanza ikastetxea itxi egin zuten gerra hasi zenean. Kanpoko ikasleak etxera bueltatu ziren: Donostiara, Bartzelonara, Madrilera...

Frankismotik demokraziara[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikastolan, Mari 'Txantxote'rekin

Gerra amaitzearekin bat, herria bide berriak eraikitzen hasi zen.

Egoera latzari aurre egiteko asmotan, Oinarrizko eskola eratzen hasi ziren berriz eta 1944an ateak irekitzeko aukera izan zuen. Honako hau puntako eskola izan da beti.

Mariaren Lagundia eta Errege Mintegiaz gain, Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko eskolak sortu ziren XX.mende erdialdean, generoaren arabera banatuak zeudenak. 1970.urtean Aranzadi Ikastola jarri zen berriro ere martxan, Errepublika garaian aitzindari eta gainera mistoa izan zena. Hezkuntzarekin loturik 1976an UNED txertatu zen Bergaran.

1970-1980. hamarkadan, herritar mugimenduek eragin handia izan zuten. Hezkuntza, gizartea eta osasunaren arloko oinarrizko zerbitzuak eta ekipamenduak hobetzeko ekintza ugari burutu ziren herrian eta honek herritar sena ekarri zuen.

Franco hil ondoren, herritarrek alkatetza berreskuratzeko “Bergarako Alkateen Taldea” osatu zen, eta bertako kide izan zen Jose Luis Elkoro Bergararra. Herritarren eskaerak jaso eta hauek aurkeztu egin zituzten. Besteak beste honako hauek dira eskaeren artean jasotakoak: Euskal Foruen aldarria, Udaletxeetako balkoietan ikurrina jartzea, ETAko presoen amnistia...