Wikipedia, Entziklopedia askea

Bernardo Atxaga

Bernardo Atxaga.

Jose Irazu Garmendia, Bernardo Atxaga deitua literaturan, 1951eko uztailaren 27an jaio zen Asteasun, Gipuzkoan. Euskal idazlerik ospetsuenetakoa da gaur egun, eta ezaguna da Euskal Herrian nahiz Euskal Herritik kanpo. Bere lanik ospetsuena 1988an argitaratutako Obabakoak deituriko ipuin bilduma da, hainbat hizkuntzatara itzulia eta hainbat sari irabazitakoa. Haur literaturan ere lan ugari egin ditu.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Asteasun jaioa, haren ama irakasle eta aita arotz izan ziren. Lehen ikasketak Asteasun hasi zituen eta txikitatik aritu zen idazketan, baina 1964an Andoainera aldatu ziren eta ikasketak Donostian jarraitu zituen. Ekonomia ikasi zuen Bilboko Sarriko fakultatean; bitartean zenbait aldizkaritan idatzi zuen. 1972ean, Borobila eta Puntua deituriko lehen ipuina idatzi zuen, eta Gabriel Aresti idazlearen animo eta kritika onek idazten jarraitzera animatu zuten; hemen izan zen Bernardo Atxaga ezizena erabili zuen lehen aldia.

1973ean, ikasketak bukatu ondoren, soldadutza egin zuen, eta Ziutateaz lanean adierazten duen bezala, traumatzat bizi izan zuen esperientzia hura. Ostean Bilboko Bankuan lan egiten hasi zen, eta bitartean, Koldo Izagirre idazlearekin batera Ustela deitutako aldizkaria sortu eta bertan idazten hasi zen.

1977an, Etiopia poema bilduma argitaratu zuen, Pott taldearen partaide zela.

1980an Bartzelonara joan zen filosofia ikasketak egitera, bitartean haur literatura ugari idatzi zuen, eta zenbait sari ere irabazi zituen.

1983an Euskal Herrira itzuli zen eta 1988an bere lanik famatuena argitaratu zuen: Obabakoak.

1990eko hamarkadan, Euskal Herrian zegoen gatazkan oinarritutako zenbait eleberri idatzi zituen, baita gazteentzat zuzendutako biolentziaren aurkako Behi euskaldun baten memoriak ere, 1991an argitaratua. 1997an Emory Unibertsitatean aritu zen irakasle, noizbehinka hitzaldiak emanez.

1995etik Zalduondon, Araban, bizi da.

2002an Asun Garikano irakasle eta itzultzailearekin ezkondu zen.

Elkarri eta Lokarri eta Ezker Batua - Berdeak mugimendu eta alderdietako partaide eta sustatzailea izan da.

Haur Literatura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atxagaren ahotsa, irakurketa batean.

Umorea, esajerazioa eta esaldi bitxiak dira Atxagaren haur literaturaren ezaugarri nabarmenenak. Juan Carlos Egillor ilustratzaileak proposatuta, 1980ko hamarkadaren hasieran haurrentzako liburu bat egiten hasi ziren bion artean. Hiru lan egin ostean, Atxagak haurrentzako literatura egiten jarraitu zuen.

Hauek izan dira Atxagaren haur eta gazte literaturako lan garrantzitsuenak:

  • Nikolasaren abenturak eta kalenturak, 1980, Antonio San Román.
  • Ramuntxo detektibea, 1980, Antonio San Román.
  • Antonino Apretaren istorioa, 1982, Erein.
  • Chuck Aranberri dentista baten etxean, 1982, Erein.
  • Asto bat hipodromoan, 1984, Erein.
  • Jimmy Potxolo, 1984, Erein.
  • Sugeak txoriari begiratzen dionean, 1984, Erein.
  • Bi letter jaso nituen oso denbora gutxian, 1984, Erein.
  • Flannery eta bere astakiloak, 1987, Elkar.
  • Mundua eta Markoni, 1995, BBK fundazioa.
  • Xolak badu lehoien berri, 1995, Erein.
  • Xola eta basurdeak, 1996, Erein.
  • Markonitar handien ekintza handiak, 1997, BBK fundazioa.
  • Bambulo. Lehen Urratsak, 1998, Erein.
  • Bambulo. Krisia, 1998, Erein.
  • Bambulo. Ternuako penak, 1999, Erein.
  • Xola ehitzan, 2000, Gara.
  • Xola eta Angelito, 2004, Erein.
  • Xola eta lapurra, 2015, Erein.