Wikipedia, Entziklopedia askea

Bigarren Industria Iraultza

Alemaniako industriaren irudia, 1881ekoa.

Bigarren Industria-Iraultza XIX. mende bukaeratik XX. mende hasiera arte egon zen industralizazioaren fase azkarra izan zen. Historialari batzuen arabera, 1870-1914 bitarteko epean gertatu zen, hain zuzen ere; beste aditu batzuek, ordea, hasiera 1850ean izan zuela diote.  

Bigarren Industria-Iraultzan aurrerapen teknologiko garrantzitsuak lortu ziren, mundu mailan egondako aldaketa sozial handien ondorioz. Aurrerapen teknologiko horien artean, altzairugintza eta aluminioaren ekoizpena eta elektrizitatearen, gasaren zein petrolioaren erabilera aipa ditzakegu. Era berean, esanguratsuak izan ziren, batetik, burdinbideak zabaltzeari esker komunikazioek izan zuten hobekuntza, eta bestetik, makinak industrian gero eta maizago erabiltzen zirela. Herrialde batzuetan, industrian lan egiten hasi ziren emakumeak, idazkari eta bulegari gisa. Industria-prozesuen automatizazioak gora egin ahala, behera egin zuen espezializatu gabeko langileen beharrak, eta horrela, langabeziak gora egin zuen.

Industria-Iraultzaren bigarren etapa hau herrialde ugaritara zabaldu zen, eta potentzia industrial eta ekonomiko handien agerpenari bide eman zion horrek; horien artean, Alemania, Frantzia, Estatu Batuak edota Japonia zeuden, esaterako. Potentzia handiak egoteak herrialdeen arteko lehia industrialak eragin zituen, eta gero eta globalizazio handiagoa eragingo zuten modelo ekonomiko berriak sortzea ere bai.

Garai honetan sortu ziren industria siderurgikoak, oraindik gehiago garatu zen autoen eta garraioen industria, eta petrolioaren, kimikaren eta energia elektrikoaren industria berriak sortu ziren.  

Zergatik gertatu zen?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Industria-Iraultzaren bigarren fasea lehen fasean hasitako garapen teknologiko eta zientifiko iraunkorraren emaitza izan zen. Arrazoi garrantzitsuenak hurrengo hauek dira:

  • Demografiaren hazkundea

Etapa honetan, azkar hasi zen ugaltzen mundu mailako biztanleria; gainera, epidemien eta gaixotasunen kontrolei esker heriotza-tasa gutxitu egin zen.

  • Nekazaritzaren iraultza

Nekazaritzaren ekoizpenak gora egin zuen arren, hirietara bizitzera joan ziren nekazari asko, lan eta bizitza-kalitate hobearen bila.

  • Industria

Energia-iturri berriak erabiltzen hasteak (petrolioa, gasa edota elektrizitatea) industria berriak agertzea eragin zuen. Aleazioei bideratutako industria kimikoa ere sortu zen, eta horrek aluminioaren, altzairuaren, nikelaren erabilera posible egin zuen, besteak beste.

  • Ekonomia

Industriaren garapena azkarra izan zen. Lan-, ekonomia- eta merkatu-eredu berriak sortu zituen. Ondasun gehiago eskuratzea eta merkatuaren kontrola areagotzea lortu zen.

Hala ere, egoera honek monopolioen agerpena, langileak gustora ez egotea eta borroka sozial eta laboralak agertzea eragin zuen.

  • Burgesiaren finkapena

Garai honetan burgesiaren hazkundea gertatu zen. Burgesiak, neurri handi batean, lege berriak sortzea babestu zuen, araudi ekonomiko eta politikoak ere babestu zituen, ekoizpen industriala sustatzeko.  

Zer ondorio izan zituen?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Prozesu horiek guztiek ondorio positibo zein negatiboak izan zituzten, herritarrengan eragina izan zutenak. Garrantzitsuenak honako hauek izan ziren:

  • Ondorio sozialak

Demografian gorakada handia egon zen. Nekazariak hiri handietara joan ziren eta hiriak gehiago hazi ziren, batez ere lana lortzeko aukera gehiago eskaintzen zuten hiriak.

Ondorioz, langile-klasea edo proletariotza sortu zen; erakunde sindikalak sortu ziren, eta borroka sozialak agertu ziren, langileen lan- eta gizarte-baldintzak hobetzeko asmoz. Ordurako, klase sozialen artean desberdintasun argiak zeuden.

Bestalde, etxetik kanpo lan egiten hasi zen emakumea, bai eta gizonarekiko eskubide-berdintasuna aldarrikatzen ere.

  • Ondorio ekonomikoak

Kate-produkzioa zabaldu zen, gero eta azkarragoak ziren prozesu industrialak areagotu ziren, kostu gutxiagokoak, eskulan gutxiago behar baitzen; horrek langile asko kaleratzea eragin zuen. Enpresek gehiago irabaztea lortu zen kate-produkzioaren bidez.

Horrela jaio zen kapitalismoa, enpresa berriak sortzea erraztu zuen sistema ekonomikoa; komertzio-lehiari bide eman zion, komertzio-kode berriak ezarri zituen, alde batera utzi zuen artisau-ekoizpen eta ondasun handiak biltzea ekarri zuen.

  • Ondorio politikoak

Orden politiko berri bat ezarri zen eta sistema industrializatu berrien onurarako legeak ezarri ziren, mekanismo komertzial berriak sortu ziren eta langileen eskubideak arautu ziren.

Egoera horretan, jarduera politikoaren zati handi bat menderatu zuen burgesiak eta langile-klasearen desadostasunari aurre egin behar izan zion, pobrezia egoeran bizi baitzen azken talde hori. Lehenengo ideal sozialistak ere agertu ziren orduan, bizi- eta lan-baldintzen hobekuntza aldarrikatzen zutenak.