Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea
   Entzun!


Definizio laburra Diximed proiektuan.

Birus batzuk mikroskopio elektronikoan ikusita

Birusak mikrobio txikienak dira. Birusak ez dira izaki bizidunak, ez baitute zelulen egiturarik, soilik informazio genetikoa. Mikrobio gehienek egitura zelularra dute, zelula bakar batez osatuta daude (zelulabakarrak dira, adibidez, bakterioak eta protozooak). Baina birusak ez dira zelulak, egitura zelularrik gabeko molekula hutsak dira.

Birusak bakterioak baino 20 aldiz txikiagoak dira. Gogoratu bakterio bat arkakusoa baino 1.000 aldiz txikiagoa dela. Hain dira txikiak, mikroskopio elektronikoarekin soilik ikusten daitezkeela.

Bizirik al daude?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Birusen osagai bakarrak bi molekula mota dira: proteinak eta azido nukleikoak: ADN ala ARN. Oinarrizko bi molekula horiekin birusek nolabaiteko bizi-jarduera dute.

Hala ere, biologoek uste dute birusak ez direla benetako izaki bizidunak, bi arrazoi hauengatik:

  • Ez dutelako egitura zelularrik, ez dira zelulak. Gogoratu zelula bizidun guztien oinarrizko unitatea dela.
  • Ez dutelako metabolismorik. Metabolismoaren bidez bizidunek substantziak trukatzen dituzte ingurugiroarekin (substantzia batzuk hartzen dituzte elikatzeko, eta gero hondakinak kanporatzen dituzte). Birusak ez dira elikatzen.

Birusek zelulak behar dituzte ugaltzeko eta nolabaiteko bizi-jarduera edukitzeko. Zeluletatik kanpo birusek ez dute inongo jarduerarik, guztiz bizigabeak dira. Horrenbestez, zelulak parasitatu behar dituzte ugaldu ahal izateko, eta kutsatzen duten zelularen mekanismoak erabiltzen dituzte euren kopiak egiteko.

Birusak eta gaixotasunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hain txikiak eta sinpleak izanik, birusek ez dituzte zelula batek duen kopiak egiteko tresneria, eta honenbestez zelularen tresneria erabiltzen dute haien onurako. Zelulak infektatu eta parasitatu behar dituzte derrigorrez, beraz.

Zelulen barrura sartzerakoan birusek birus berriak sortzen dituzte eta infektatutako zelula hiltzen dute. Kaltegarriak dira zelulentzat. Birus batzuek landare zelulak kaltetzen dituzte, beste batzuek animalien edo gure organismoaren zelulak, eta badaude ere bakterioak infektatu eta kaltetzen dituzten birusak (bakteriofago izenekoak).

Gure organismoaren zelulak infektatzen dituztenean birusek gaixotasunak sortzen dituzte. Gaixotasun biriko batzuk pertsonen artean kutsatu daitezke, gainera, birusa pertsona batetik bestera pasatzen denean. Gripea, hepatitisa, HIESa, Ebola sukarra, barizela, COVID-19 edo errubeola, adibidez, birusek sortutako gaixotasunak dira.

Nola egin ahal diegu aurre?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gure gorputzak birusiei aurre egiteko globulu zuriak eta antigenoak erabiltzen dituzte. Sukarra eragiten badute, botikak hartzea gomendatu ahal digu medikuak, baina inoiz ez antibiotikoak, horiek bakterioak hiltzeko erabiltzen direlako, ez biruskak. Gaixotasun biriko batzuk ekidin daitezke txertoak erabiliz.

Birus asko erraz kutsatzen dira, eta horregatik komenigarria da, gaixo gaudenean, eskolara ez joatea, gure gelakoak ez kutsatzeko. Eskuak maiz garbitzea, doministiku edo eztula egiten dugunean ahoa estaltzea eta leihoak irekitzea korrontea egon dadin neurri eraginkorrak dira ez kutsatzeko.