Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea
Godoen emigrazioak, bisigodo eta ostrogodoen banaketarekin.

Bisigodoak V. mendearen hasieran Iberiar penintsulara iritsi ziren herri germaniar bat ziren. «Godo» izeneko herri germaniar baten bi adarretako bat ziren (besteak «ostrogodoak» ziren). Euren jatorrizko lurraldea Eskandinavia zen. Godoak, beste herri batzuekin batera, Erromatar Inperioaren mendebaldera modu masiboan migratzen hasi ziren; migrazio hori (batzuetan «barbaroen inbasioak» deitutakoa) Mendebaldeko Erromatar Inperioa Erromatar Inperioaren desagertzeko arrazoietako bat izan zen.

418. urtetik aurrera, erresuma bat ezarri zuten; erresuma horrek Iberiar penintsula gehiena eta Galiako (gaur egungo Frantzia) hegoaldeko zati handi bat hartzen zituen, eta hiriburua gaur egungo Frantziako Tolosan zuen.

VI. mendearen hasieran, frankoek (beste herri germaniar bat) bisigodoak garaitu zituzten, eta ondorioz, bisigodoek Pirinioetako iparraldeko lurraldeak galdu zituzten. Ordutik aurrera, euren erresuma Iberiar penintsulan garatu zen, eta hainbat hiriburu izan arren, garrantzitsuena Toledo izan zen. Herri germaniarra izan arren, erromatar inperioko tradizio kultural, erlijioso eta politikoak hartu zituzten; baita haien hizkuntza ere: latina. Horregatik, Iberiar penintsulan ez da hizkuntza germanikorik hitz egiten, baizik eta latinetik eratorritako hizkuntzak.

Iberiar penintsulan, erresuma bisigodoak etengabe liskarrak izan zituen kontrolatzen ez zituen penintsulako herriekin. Haien artean, alanoak, sueboak eta bandaloak Gallaecian izeneko antzinako erromatar probintziako zonaldean (gaur egungo Galizia, Portugalgo iparraldea, Asturias eta Leongo zati bat); antzinako Cartaginensis probintzian bizi ziren bizantziarrak; eta baita baskoiak ere, Pirinioaren mendebaldean.

Erresuma bisigodoak 711. urtera arte iraun zuen, musulmanak Iberiar penintsula okupatzen hasi ziren arte. Erresuma hispaniar-bisigodo horrek hiru mende baino ez zituen iraun, baina politikaren ikuspegitik garrantzi handia izan zuen: bisigodoekin penintsulako lehen estatu burujabea sortu zen; gainera, latina, erromatarren kultura eta erlijio kristaua bereganatu zituztenez, desagertutako Erromatar Inperioaren ondare historiko eta kulturala bizirik mantentzen lagundu zuten.

Nola antolatzen ziren?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bisigodoek euren erresuma bost probintziatan banatuta zuten. Probintzia horiek «dukerri» izenaz ezagutzen ziren. Errege batek gobernatzen zuen erresuma, eta dukerri bakoitzean duke batek agintzen zuen. Gizartearen barruan, noblezia eta Eliza lurraldeak eta aberastasunak zituzten bakarrak ziren; hori horrela zen errege bisigodoek kargu administratiboak eta militarrak lurraldeekin ordaintzen zituztelako. Horregatik, ia lur guztiak nobleziaren esku gelditu ziren. Bestalde, nekazariek janariaren truke lantzen zituzten lur horiek, eta gainera, nobleei zergak ordaindu behar izaten zizkieten.

Bi erakunde oso garrantzitsu zituzten: Aula Regia eta Kontzilioak. Aula Regia erregearen oso gertuko noble talde batek osatzen zuen, eta erregeari aholkuak ematen zizkion. Kontzilioak Elizaren erakundeak ziren eta politikan paper garrantzitsua izan zuten.

Haien ekonomia abeltzaintzan eta nekazaritzan oinarritzen zen; batez ere ehunak sortzeko artilea eta larrua ekoizten zituzten.

Euren ekonomian, gainera, produktuen inportazioa eta esportazioa garrantzitsuak izan ziren: beirakiak, papiroak, espeziak, bitxiak, lihoa eta kotoia inportatzen zituzten, eta ardoak, zaldiak, zilarra eta urrea esportatu. Jarduera horiek bide komertzialak zabaltzeko eta beste herri batzuen interesa lortzeko balio izan zien.

Artea eta kultura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ferra-arkua

Haien adierazpen artistiko nagusiak arkitekturan eta urregintzan aurkitu daitezke. Ferra-arkuak euren kulturako obra ezagunenetako bat izan ziren. Gainera, urrezko eta zilarrezko hainbat objektu egiten zituzten artisauak zituzten.