Wikipedia, Entziklopedia askea

Biztanleria-piramide

Biztanleria-piramidea edo adin-piramidea diagrama edo irudi bat da, halako leku bateko biztanleak adinaren eta sexuaren arabera nola banatuta dauden erakusten duena; piramide hitza erabiltzen da erakutsi ohi duen itxuragatik.

Diagrama delako horretan, bi koordenatu daude: batean (marra bertikalean, normalean) adin-tarteak jartzen dira (0-5 urte, adibidez); eta bestean (marra horizontalean, normalean), adin-tarte horretako zenbat jende dagoen jartzen da. Piramidearen erdian, ardatz edo lerro zut baten bidez banatzen dira sexuak: alde batean gizonezkoak eta bestean emakumezkoak.

Biztanleria-piramideak nahiko desberdinak izan daitezke leku batetik bestera, eta oso argi erakusten dute nolakoa den leku horretako biztanleria, batez ere adinaren aldetik.

Piramideak nolakoak izan daitezke?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiru mota nagusi bereiz ditzakegu: Progresiboak, Geldikorrak eta Erregresiboak

Piramide progresiboak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zabalagoak izaten dira beheko aldean eta ohiko piramide baten itxura izaten dute. Biztanleria-piramide hau duten herrialdeetan, jaiotza-tasa handia izaten dute; hau da, ume asko jaiotzen dira batetik, eta, bestetik, adinean gora igo ahala, heriotza-tasa gero eta handiagoa izaten da, gero eta jende gehiago hiltzen da. Ondorioz, herrialde hauetako biztanleria oso gaztea izaten da oro har; adin gazteko biztanle gehiago daude adin zaharreko jendea baino; Horregatik, piramideko adin-tarte gazteak askoz zabalagoak izaten dira besteak baino. Herrialde azpigaratuen ezaugarri bihurtu da gaur egun. Hona hemen adibide bat: thumb



Piramide geldikorrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

thumb Beheko aldeak ez dira hain zabalak eta nahiko berdinduta daude piramidearen erdialdearekin. Biztanleria hau duten herrialdeetan, jaiotza-tasa ez da handia (ez da hainbeste ume jaiotzen), seguru aski jaiotze-kontrola egiten delako eta haur gutxiago hiltzen direlako, higienearen, elikaduraren eta osasun-egoeraren hobekuntzari esker. Bestetik, arrazoi berberengatik, heriotza-tasa ere egonkorra da, eta jende gutxiago hiltzen da. Horregatik, adin-tarte gazteen eta adin-tarte helduen zabalera nahiko antzekoa da. Leku hauetako biztanleria nahiko heldua izaten da oro har; gaur egun, hori garapen bidean dauden herrialdeen ezaugarri bihurtu da.



Piramide erregresiboak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

left Zabalagoak izaten dira erdialdeko adin-tarteetan, behekoetan baino, jaiotza-tasa asko gutxitu delako eta biztanle helduak oso ugariak direlako; horrelako egoeran dauden herrialdeetako biztanleria nahiko zahartuta dagoela esaten da. Gaur egun, herrialde garatuen ezaugarri bihurtu da.