Wikipedia, Entziklopedia askea

Botanika

Londresko Historia Naturaleko Museoko bildumako irudia.

Botanika landareak ikertzen dituen zientzia da. Biologiako adar bat da. Botanika arloan lan egiten duten zientzialariak botanikariak dira.

Botanika garrantzitsua da gizakiek eta animaliek landareen beharra izaten dutelako askotan: landareetatik lortzen dituzte elikagaiak eta oxigenoa. Gizakiok arropa, eraikuntzarako materialak, gai kimikoak, sendagaiak eta beste hainbat gauza sortzeko ere erabiltzen ditugu landareak.

Botanikariek normalean alor zehatz batean jartzen dute arreta. Batzuek landare-mota desberdinak aurkitzen dituzte, izena jartzen diete, eta sailkatzen dituzte (antzekoak diren landareekin multzokatzen dituzte). Beste botanikari batzuek landareen egitura eta forma aztertzen dute.

Botanikari askok ikertzaile gisa egiten dute lan. Ikertzaile batzuek landare-gaixotasunak aztertzen dituzte. Beste batzuek saiakuntzak edo esperimentuak egiten dituzte landareetatik ateratako produktu kimikoekin. Beste batzuek gizakiontzat baliagarriagoak diren landareak garatzen saiatzen dira.

Botanikari askok kontserbazioan dute interesa. Batzuek kutsadurak landareetan duen eragina aztertzen dute. Beste batzuek landare arraroak babesteko egiten dute lan.

IV. mendean bizi izan zen Teofrasto izeneko pentsalari grekoa hartzen da botanikaren sortzailetzat. XVIII. mendean Carolus Linnaeus edo Lineo deitzen zen suediar botanikariak sistema bat sortu zuen landareak izendatzeko eta sailkatzeko. Mundu osoko zientzialariek sistema hori erabiltzen dute gaur egun ere.