Wikipedia, Entziklopedia askea

Burdina

Burdinazko minerala.

Burdina elementu kimiko bat da (Fe sinbolo kimikoa du), bai eta Lurrean gehien erabiltzen den metala ere. Altzairua egiteko erabiltzen da. Altzairua, berriz, eraikinak, zubiak eta burdinbideak egiteko erabiltzen da, baita mota guztietako ibilgailuak eta beste hainbat produktu egiteko ere.

Burdina lurrazaleko bigarren metal ugariena da. Lurrazalean dauden metalen artean, aluminioa bakarrik da burdina baino ohikoagoa.

Burdina bere egoera puruan metal astuna, zilar kolorekoa eta magnetikoa da. Naturan ez da ia inoiz aurkitzen burdina forma puru horretan. Aitzitik, burdinazko mineral moduan aurkitzen da. Burdinazko mineral nagusiak oxigenoari edo oxigenoari eta karbonoari lotutako burdinaz osatuta daude.

Burdina purua burdinazko mineraletik ateratzen da, galdaketa izena duen prozesu baten bidez. Galdaketan burdinazko minerala oso tenperatura altuan berotzen da. Burdinazko materiala urtu ahala, burdina purua mineraletik bereizten da.

Galdatutako burdina forma desberdinetako moldeetara isurtzen da. Burdina hozten da, eta horrela, gogortzen. Gaur egun, ordea, burdinaren zati handi bat altzairua egiteko erabiltzen da. Altzairua burdinaren eta karbonoaren arteko nahaste bat da. Burdina hutsa baino sendoagoa da altzairua.

Antzinaroko jendeak burdina meteoritoetatik lortu zuela pentsatzen da. Iraganeko herriek burdina nola galdatu jakin eta gero, erremintak eta burdinazko armak egiten ikasi zuten. Burdina nola erabili zabaldu zen Europan eta Asian Burdin Aroa izeneko garaian.

   Ba al dakizuEmoji u2753.svg   
Burdina gure galaxiako elementurik ohikoenetako bat da; meteoritoetan aurkitzen da askotan. Gainera, zientzialariek uste dute Lurraren nukleoa burdinazkoa dela % 80 edo 90ean.

Burdina gure gorputzean?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Burdina pertsona baten dietaren zati garrantzitsu bat da. Burdina honako elikagai hauetatik lortu dezakegu: haragi gorria, oilaskoa, atuna, arrautzaren gorringoak, babarrunak, fruitu lehorrak, eta hosto berdeko barazkiak. Gorputzak burdina erabiltzen du odolean dagoen hemoglobina izeneko sustantzia sortzeko. Hemoglobinak gorputzeko zelula guztietara darama oxigenoa. Zelulek oxigenoa erabiltzen dute beren lana egiteko behar duten energia askatzeko.