Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea
Cho Oyu mendia

Cho Oyu munduko mendirik altuenetan seigarrena da (8.188 m). Himalaia mendikatean dago, Nepal eta Tibeteko eskualde autonomoaren arteko mugan, Txinan. Izenak "Jainkosa turkesa" esan nahi du tibeteraz, ziurrenik bere gailur elurtuak eguzkiaren argia islatzen duenean hartzen duen kolore urdinagatik.

Cho Oyu Mahalangur Himal izeneko mendigunearen parte da, zeinean Everest mendia ere baitago. Izan ere, Cho Oyu mendia Everestetik 20 km mendebaldera dago.

Hamalau “zortzimilako”etariko bat den arren (8.000 metrotik gorako mendiak), errazena da igotzeko. Izan ere, K2 edo Annapurna mendiekin alderatuta, haren ibilbide ezagunenek zailtasun tekniko gutxiago dituzte.[1]

Lehenengo igoera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Cho Oyu eskalatzeko lehenengo saiakera serioa 1952an egin zen, britainiar espedizio baten eskutik. Hala ere, espedizio horrek ez zuen tontorrera iristea lortu. Lehenengo igoera arrakastatsua 1954an izan zen. Herbert Tichy, Joseph Jöchler eta Pasang Dawa Lama sherpa buru zituen austriar espedizio batek egin zuen. Garai hartan, ikaragarrizko balentria izan zen, ekipamendu gutxi eta estilo arinagoa erabili baitzuten.

Bestalde, 1985eko maiatzaren 15ean, Juanito Oiarzabal bihurtu zen lehenengo euskal mendizalea tontor honetara iristen, Juan Jose Amizgaraik, Iñaki Querejetak eta Mikel Ruiz de Apodacak osatutako espedizio batean.

Cho Oyu oso ezaguna da zortzimilako munduan sartu nahi duten mendizaleentzat. Tibeteko isurialdetik egiten den ibilbide arrunta ez da hain teknikoa, eta bere altuerako beste mendi batzuek baino eskalada zaileko edo elur-jausien arriskuko tarte gutxiago ditu. Edonola ere, 8.000 metrotik gora igotzea beti da erronka izugarria. Hotz izugarriak, haize bortitzak eta oxigeno faltak altuerako gaitza edo osasun arazo larriak eragin ditzakete.

Cho Oyu inguruak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Cho Oyu inguruko paisaiak ikusgarriak dira. Nepaleko isurialdean, Nangpa La pasabidetik gertu, merkatarien bide bat aurkitzen da, Nepal eta Tibet arteko merkatariek eta artzainek erabiltzen zuten bide zaharra. Inguruko herrietan xerpak bizi dira, beraien abegikortasunagatik eta mendian duten esperientziagatik ezagunak.

Glaziar beldurgarriak, alpetar haranak eta monasterio budistak ere badaude. Horiek guztiek balio kultural handia ematen diote eskualdeari.

Egun, Cho Oyu gehien eskalatu diren zortzimilakotariko bat da. Merkataritza-espedizio askok igoerak antolatzen dituzte ongi prestatutako alpinistentzat. Eskalatzaileek gehien erabiltzen duten ibilbidea "samur" samarra omen da zortzimilako bat izateko, baina, hala ere, mendi honen igoerak abentura arriskutsua izaten jarraitzen du. Gainera, entrenatzea, aklimatazioa eta mendiarekiko errespetua eskatzen du.

Cho Oyu Himalaiako edertasunaren eta erronkaren ikurra da.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Cho Oyu» Euskarazko Wikipedia 2022-03-06 (kontsulta data: 2025-08-21).