Wikipedia, Entziklopedia askea

Dialekto

Italiako dialektoen mapa.

Dialektoak hizkuntza berbera lekuaren arabera hitz egiteko dauden modu desberdinak dira; desberdintasun horiek era askotakoak izan daitezke: hitzak desberdinak izan daitezke (desberdintasun lexikoak), edo berdinak baina modu diferentean ahoskatuak (desberdintasun fonetikoak); gerta daiteke joskera edo gramatika mailan ere desberdintasunak egotea.

Normala da hizkuntza berbera desberdina izatea leku batetik bestera; euskara bera ere desberdina da bere lurraldearen barruan, eta, beraz, dialektoak ditu; baina horiei euskalkiak deitzen diegu.

Hala ere, leku askotan, dialektoak ez dute ospe onik edo prestigiorik izaten; pertsona eskolatu gabeen hizkeratzat hartzen dira, pertsona eskolatuen hizkera estandar edo "dotorearen" aldean. Horregatik, dialektoak askotan ez dira eskolan irakasten, ez dira hedabideetan eta administrazioan edo erakundeetan erabiltzen; batzuetan, idatzi ere ez dira idazten; edo dialekto batzuk, bai baina beste batzuk ez.

Dena dela, gehienetan, hizkera estandarra bera ere dialekto bat izaten da, baina ospea irabazi du eta horregatik iritsi da herrialde oso bateko hizkuntza nagusia izatera. Adibidez, hori gertatu zen italierarekin: gaur egun, Italian dialekto asko daude bizirik; baina Erdi Arotik hasita, Toskanako dialektoa hasi zen erabiltzen literaturan, eta horrek hizkuntza landuaren ospea eman zion, eta gaur egun italiera estandarraren jatorrian dagoen dialektoa da.

Bestalde, gaur egungo hizkuntza erromantze guztiak latinaren dialektoak izan ziren aspaldiko garaietan; latinak oso lurralde zabalean banatuta zegoen eta, horregatik, hitz egiteko modu desberdinak zituen, dialektoak alegia. Denbora igaro ahala, dialekto horiek gero eta urrunago egoten hasi ziren batzuk besteetatik, eta, halako batean, dialektoak baino gehiago, hizkuntza berri desberdinak zirela esan zitekeen.