Wikipedia, Entziklopedia askea
Egear zibilizazioaren kokapena.

Egear zibilizazioa termino orokorrarekin, historiaurreko Greziako Brontze Aroko zibilizazioak izendatzen dira, Egeo itsasoaren inguruan garatu baitziren. Europan garatu zen lehenengo zibilizazioetako bat izan zen, K.a. 3000. urtea ondoren sortu zen, Egeo Itsasoaren ondoan. Gaur egun Greziaren parte diren penintsulan eta uharteetan hedatu zen.

Zibilizazio honek hainbat aro izan zituen. Kreta uhartean hasi zen, eta lehenengo aro horri, gaur egun, zibilizazio minoikoa deitzen zaio. Ondoren, Greziako penintsulan garatu zen; beste aro honi Mizenastar zibilizazioa deitzen zaio.

Zibilizazio minoikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zibilizazio minoikoa K.a. 2500. eta K.a. 1400. urteen artean existitu zen. Minoikoek Minos legendazko erregearengandik jaso zuten izena. Zibilizazio honetako hiriburua Knossos zen. Knossoseko jauregia erraldoia zen, eta 2,2 hektarea hartzen zituen. Beste hainbat jauregi minoikoren inguruan hiri handiak zeuden, bi solairu zituzten etxeekin. Etxeak harriz, egurrez eta buztinezko adreiluz eraikitzen ziren.

Knossoseko jauregiaren hondakinak

Minoikoek haien zeramika-lanak eta hormak landareen, loreen, animalien eta jainkosen irudiekin apaintzen zituzten. Ama jainkosa bat gurtzen zuten.

Minoikoen aberastasuna itsasoan eta merkataritzan oinarritzen zen, eta Ekialde Hurbilarekin eta Egiptorekin egiten zituzten salerosketak batez ere; izan ere, Kretako zeramika-lanak Egipton aurkitu dira, eta Egiptoko zeramika aurkitu da Kretan. Itsas armada boteretsu batek babesten zuen Knossos.

Zibilizazio mizenikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zibilizazio mizenikoa K.a. 1500. urte aldera azaldu zen. Garai hartan antzinako grezieraz hitz egiten zuten pertsonak Greziako penintsulan bizitzen hasi ziren. Mizenikoek minoikoak konkistatu zituzten K.a. 1400. urte aldera. Haien zibilizazioa Mizenas hiritik hartzen du izena, haren hiri garrantzitsuenetik.

Agamemnonen maskara, Heinrich Schliemannek aurkitua

Zibilizazioaren burua erregea zen. Erregeek gotorlekuak eraikitzen zituzten, harresi sendoekin, mizenikoak gerra askotan borrokatzen zirelako. Gerra horietako bat, kondairen arabera, Troiako Gerra izan zen. Lur-jabeak, nekazariak, esklaboak eta apaizak zeuden baita ere. Minoikoen antzera, mizenikoek haien hormak irudiekin apaintzen zituzten. Bitxigile eta urregile oso trebeak ziren.

Mizenikoen merkataritza Siziliara, Egiptora, Palestinara, Troiara, Ziprera eta Mazedoniara iritsi zen. Mizenastarrek janaria, oihalak eta kobrea erosten zuten. Seguraski artilez egindako produktuak, oliba-olioa, egurra eta zilarra saltzen zituzten.

Mizenikoek minoikoen idazkera-sistema hartu zuten: buztinezko taulatxoak erabiliz, hain zuzen ere. Minoikoen hizkuntza ez bezala, ordea, mizenikoen hizkuntza ulertu ahal izatea lortu da. Ezagutzen den grezieraren formarik zaharrena da.

K.a. 1200. urtearen amaiera aldean, Mizenasko zibilizazioak lurra jo zuen eta jende asko beste herrialdeetara joan zen. Adituen ustez, lur jotze horrek hainbat arrazoi izan ditzake: lehorteak, uzta txarrak, janari falta, gaixotasunak, edo agian jendea ordaindu behar zituen zergengatik haserretu zen.

K.a. 1100. urtean iparraldeko tribuek Grezia konkistatu zuten. Tribu horiek gaur egungo greziarren arbasoak ziren. Haiekin hasi zen antzinako Greziaren historia.