Erreforma protestantea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Martin Lutero, protestantismoaren fundatzailea, 1528ko erretratu batean.

Erreforma protestantea XVI. mendetik aurrera, Europan (batez ere Alemania, Suitza eta Ingalaterra) hedatu zen mugimendu erlijioso bat izan zen. Protestanteak Erromako Elizaren agintearen aurka altxatu ziren, uste baitzuten balio kristauetatik guztiz urrunduta zegoela, eta horrela, erlijio kristaua ulertzeko modu berri bati eman zion hasiera.

Erreformistek uste zuten Erromako Elizako kideak ustelduta eta kristautasunaren berezko eta jatorrizko oinarri eta balioetatik (apaltasuna, anaitasuna eta karitatea) aldenduta zeudela. Izan ere, indulgentziak, erlikia sakratuak eta eliz-karguak saltzen zituzten, eta aita santuek, gotzainek eta, oro har, Elizako goi karguek jaun feudal handiak balira bezala jokatzen zuten. Era berean, humanismoaren hedapenarekin, Erdi Aroko hainbat sineste zalantzan jartzen hasi ziren.

Protestantismoaren lehenengo joera luteranismoa izan zen, Martin Lutero agustinar fraide alemaniarrak XVI. mendean sortua.

Protestantismoaren eta Eliza katolikoaren arteko diferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Protestantismoaren barruan ere, desberdintasunik ere badago; baina zenbait ezaugarri komun badituzte, Eliza katolikoarekin konparatuta:

  • Bibliako testuei garrantzi handia ematen diete: fededun bakoitzak modu librean irakurri dezake, bere hizkuntzan (ez latinez edo grezieraz bakarrik), ondo ulertzeko, eta ez, beraz, apaizaren bitartekaritzarekin bakarrik.
  • Elizkizunak fededunen hizkuntzan egiten dituzte, ez latinez (katolikoek 1960ko hamarkadara arte egiten zuten bezala).
  • Elizetan santuak eta bestelako irudi erlijiosoak kendu egin zituzten, idolatrismoa ekiditeko.
  • Jainkoaren eta gizakiaren arteko bitartekaririk ez dute: ama birjina, santuak eta abar ez dituzte behar Jainkoarekiko harremanetarako; harreman horiek zuzen-zuzenekoak bakarrik izan daitezke.
  • Horrela, bekatuen aitortza Jainkoari berari egiten zaio, otoitzaren bidez, eta ez apaizaren bidez.
  • Komunitatearen arduraduna pastorea da; apaiz katolikoak ez bezala, pastoreak ezkondu egin daitezke eta seme-alabak eduki. Gaur egun, emakumeak ere izan daitezke pastore.
  • Ez dute onartzen Aita Santuaren agintea.
  • Eliza Estatuaren mende dago, ez maila berean.