Wikipedia, Entziklopedia askea

Erregeen harana

Eduki-taula

Erregeen Haraneko hilobietako sarrera.

Erregeen haranean antzinako Egiptoko agintari askoren hilobiak daude. Egiptoko hegoaldeko zatian dago, Nilo ibaiaren mendebaldean, hain zuzen ere.

K.a. 1500 urtetik 1000 urtera gobernatu zuten faraoientzat eraiki zituzten hilobi horiek. Ordurako, antzinako egiptoarrek jadanik ez zituzten erabiltzen piramideak hilobi moduan. Nahiago zituzten ehorzketa-leku ezkutuagoak, lapurrek ez aurkitzeko hilobietan uzten ziren altxorrak.

Haranean 60 hilobi baino gehiago daude. Hilobiak muino batzuen barnean eraiki zituzten eta gehienek korridore luze bat eta zenbait ganbera dituzte. Hilobietako horma asko faraoien eta antzinako jainko egiptoarren irudiekin eta hieroglifoekin margotuta edo zizelkatuta daude.

Hilobirik luzeena Hatshepsut erreginarena zen. Haren hilobi-ganbera hilobiaren sarreratik ia 215 metrora dago. Hilobirik handiena, berriz, Ramses II.aren semeentzat eraiki zuten. Hilobi horrek bi maila ditu, erdiko gela bat pilareekin eta pasabide eta ganbera asko.

Ia hilobi guztiak hustu zituzten K.a. 1000 inguruan eta momia gehienak beste leku batean lurperatu zituzten. Altxorrak, aldiz, beste errege batzuek berrerabili zituzten edo hilobi-lapurrek lapurtu. Soilik Tutankamonen hilobia mantendu zen bere horretan eta Howard Carter arkeologo britainiarrak berriz aurkitu zuen 1922an.

1979an, UNESCOk Gizateriaren ondare izendatu zuen harana.

Irudi batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]