Wikipedia, Entziklopedia askea
Dortoka bat arrautzatik irteten.

Animalia errule edo obiparoak arrautzak jarriz ugaltzen direnak dira. Horrela ugaltzen dira hegaztiak, arrainak, anfibioak, narrasti batzuk, intsektuak eta armiarmak. Ugalketa mota honetan umea arrautzaren barruan sortzen eta hazten da. Horretarako emeak arrautza sortu eta arrak ernaldu behar du. Ernalketa hori emearen gorputzaren barruan nahiz kanpoan gerta daiteke; bigarren kasu horretan, umea emearen gorputzetik kanpo hazten da.

Honakoak dira animalia errule batzuk: oiloak, txoriak, erleak, igelak, izokinak, inurriak, krokodiloak, pinguinoak, etab.

Umea arrautza barruan haztea abantaila ebolutibo bat da, era horretara enbrioiak errazago bizirauten baitu; izan ere, arrautzaren egiturak babestu egiten du eta lehorketa galarazten du. Hori lurralde epeletan oso garrantzitsua izan daiteke.

Animalia batzuk obobibiparoak dira, hau da, obiparoen eta bibiparoen arteko nahasketa bat. Kasu honetan, arrautzak emearen gorputz barruan egoten dira enbrioia guztiz garatuta egon arte. Emeak arrautza erruten duen une berean ateratzen da umea bertatik, edota amaren gorputz barruan ere bai, jaio aurretik. Mota honetako animalien adibide batzuk marrazoak eta zenbait animalia ornogabe dira.

Nola erruten dituzte arrautzak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Animalia errule guztiek ez dituzte arrautzak era berdinean erruten edo jartzen. Ia animalia errule guztiek habietan jartzen dituzte. Txoriek, esaterako, habiak zuhaitzetan edota lurrean jartzen dituzte, eta gero berotzen. Dortokek, ordea, arrautzak hondarretan lurperatzen dituzte. Uretan bizi diren animaliek (adibidez arrainek eta anfibioek) uretan arrautzak jartzen dituzte ernaldu gabe, eta gero arrek ernaldu egiten dituzte beraien hazia arrautza gainean jarriz; ernalketa mota horri kanpo-ernalketa deitzen zaio.