
Esne-gaina kolore zuri-horixkako gai edo geruza koipetsu bat da, irakin ondoren esneari gainean sortzen zaiona, atsedenean utzi ondoren. Gaur egun, modu artifizialean lortzen da batez ere, zentrifugazioa erabiliz, hau da, esnea abiadura handiz biraraziz.
Bestalde, betidanik, esne-gaina osagai baliotsu bat izan da sukaldean eta hainbat elikagai prestatzeko.
Nondik dator?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gizakiak aspaldi-aspalditik erabiltzen du esne-gaina, behiak, ardiak eta ahuntzak etxekotu zituenetik.
Esne freskoa eta esne egosia pausatzen uzten denean, koipea azalera igotzen da, ura bezain trinkoa ez delako, eta geruza koipetsu bat eratzen du. Geruza hori eskuz biltzen da, eta janariak ontzeko edo esnetik eratorritako produktuak egiteko erabiltzen da.
Esne-gainaren ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Esne-gainak testura leuna eta krematsua du, eta gantz edo koipe ugari. Prozesatzeko moduaren arabera, gantz-maila handiago edo txikiagoak izan ditzake, % 18tik % 40ra bitartekoak. Zenbat eta gantz gehiago, orduan eta lodiagoa eta aberatsagoa da esne-gaina. Gainera, kolore zuria edo pixka bat horixka du, eta zapore gozo samarra.
Esne-gain mota bat baino gehiago dago:
- Likidoa: sukaldean edo kafeari eransteko erabiltzen dena.
- Esne gain harrotua: irabiatuz harrotu egiten dena eta postre edo gozokietan erabiltzen dena.
Zertarako erabiltzen da?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Esne-gaina osagai oso erabilia da sukaldaritzan. Plater gazietan zein gozoetan erabiltzen da. Gozogintzan, funtsezkoa da postreak egiteko, hala nola tartak, pastelak, izozkiak eta mousseak. Esne-gain harrotua, adibidez, asko erabiltzen da frutarekin (marrubiekin, adibidez), txokolate beroarekin edo pasteletan.
Plater gazietan, berriz, saltsak, zopak eta gisatuak ontzeko erabiltzen da, krematsua eta zapore delikatua ematen baitie. Adibide ospetsu bat esne-gain saltsa da, pasta-errezeta askotan erabiltzen dena.
Gainera, funtsezko osagaia da gurina eta gazta krematsuak egiteko.