Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea

Euri

Euripean.

Euria hodeietatik tantaka erortzen den ura da. Urak hiru forma ditu: likidoa, solidoa (izotza) edo gaseosoa (ur-lurruna). Euria zerutik tantaka erortzen den uraren forma likidoa.

Euriak eta bestelako prezipitazioek aintzirak, urmaelak, errekak eta ibaiak betetzen dituzte. Gizaki, animalia eta landareek behar duten edateko ur geza ematen du. Baina, bestalde, euri gehiegi egiten badu denbora gutxian, uholde arriskutsuak gerta daitezke.

Euria eta uraren zikloa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euria Lurreko [[uraren ziklo|]] amaigabearen zati bat da. Zikloaren hasieran, eguzkitik iristen den beroak lurrazalean (itsaso, aintzira eta ibaietan) dagoen ura berotzen du. Beroak ura lurruntzen du, hau da, ur-lurrun bihurtzen du. Ur-lurrun hori airera igotzen da, eta hodeiak eratzen ditu.

Hodeietako ur-lurruna hozten denean, kondentsatu egiten da; hau da, ur-tanta edo izotz-kristal txiki-txikiak sortzen dira. Tantak hautsaren edo beste partikula batzuen inguruan eratzen dira kondentsazio izeneko prozesu baten bidez. Hodeietako tanta horiek elkartuz eta handituz joaten dira, eta, airean zintzilik jarraitzeko astunegiak direnean, lurrera erortzen dira, ur moduan. Horrela, uraren zikloa hasten da berriro.

Batzuetan, atmosferako goiko zatian hotz oso handia egiten duenean, ur-tantak izotzezko kristaletan izozten dira hodeietan. Izotzezko kristalak lurrera erortzen dira pisuaren eraginez, eta aire-geruza beroagoetara iristen badira, urtu egiten dira. Euria egiteko beste modu bat da hori. Izotz-kristal horiek urtzen ez badira, egoera solidoan jarraitzen dute eta beste prezipitazio-mota batzuen moduan erortzen dira lurrera, elur edo kazkabar moduan.

   Ba al dakizu   
Munduko leku euritsuenetako bat Hawaiiko Waialeale mendia da. Han urtean 350 bat egunetan egiten du euria. Urtero 11.500 mm euri egiten du.
Atacamako basamortua





Aldiz, lurreko lekurik lehorrenetako bat Atacamako basamortua da, Txilen. Urtean 1 mm baino euri egiten du bertan. Ehunka urte dira ez duela euririk egiten basamortu honetako leku batzuetan.

Zer da plubiometria?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euria eta bestelako prezipitazio-motak neurtzen duen azterketari plubiometria deitzen zaio.

Plubiometrian, euria milimetrotan neurtzen da:

  • Urtean 200 mm baino euri gutxiago egitea, oso gutxi da.
  • Urtean 200 eta 500 mm artean egitea, gutxi da.
  • Urtean 500 eta 1.000 mm artean egitea, normala da.
  • Urtean 1.000 eta 2.000 mm artean egitea, asko da.
  • Urtean 2.000 mm baino euri gehiago egitea, izugarri da.

Hiru faktore dira euria egitea baldintzatzen dutenak: presioa, tenperatura eta eguzki-erradiazioa.