Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea

Europaren historiaurrea

Homo ergaster baten buruhezur fosila.

Europako populamendua oso aspaldi hasi zen. Europako ustezko lehen biztanleen aztarnak duela 1,5 milioi urtekoak dira, eta Georgian daude.

Badirudi Europako lehen biztanleak Afrikatik iritsi zirela. Hiru bide posible erabiliko zituzten: Gibraltarko itsasartea, Iberiar penintsulara sartzeko; Anatolia, Balkanetara joateko; eta, azkenik, Kaukasotik, beharbada Asian barrena etorritako gizakientzat.

Neandertalen aurrekoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Georgian egin diren azken indusketa-lanek erakutsi dutenaren arabera, hominidoak duela 1,5 milioi urte hasi ziren Europa populatzen. Iberiar penintsulan, antzinatasun bereko zenbait tresna aurkitu dira, bestalde. Gizaki haiek Homo ergaster edo Homo erectus generoetakoak zirela uste da.

Europan duela 800.000 eta 400.000 bitarte urte bizi izandako gizakiei deitzen zaie preneandertalak. Italiako Ceprano aldean eta Espainiako Atapuercako azternategian aurkitu dira haien hondarrak; haiekin batera, elefante, errinozero eta zaldien hezurrak ere aurkitu dira, baina ez dakigu ehizatutako animaliak ziren ala hildako animalien sarraskiak (hondakinak).

Neandertal gizakien lehen aztarnak duela 300.000 urte ingurukoak dira. Dirudienez, giza-espezie hau Europan eta Ekialde Hurbilean bakarrik bizi izan zen; badirudi bakarturik edo isolaturik geratu zela beste gizakiengandik, Mediterraneo itsasoaren eta glaziarren eraginez.

Harrizko bifazak erabiltzen zituzten, sua menderatzen zuten eta hildakoak lurperatzen zituzten.

Duela 30.000 urte inguru desagertu ziren, ezagutzen ez diren arrazoiengatik.

Gizaki modernoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizaki modernoa (Homo sapiens delakoa) duela 35.000 urte inguru agertu zen Europan, Paleolito garaiaren bukaeran. Erabiltzen zituzten erreminten arabera, lau garai bereizten dira: Aurignac kultura (35.000-28.000); Gravettiar aroa (30.000-22.000); Solutrear aroa (22.000-18.000); eta Madelein aldia (18.000-11.000).

Solutrear aroan, izozpean zegoen Europako iparraldeko zati handi bat eta glaziar handiak zeuden mendialdeetan. Gizakiak talde txikitan bizi ziren, eta ehizean, arrantzan eta bilketan jarduten ziren. Margoak eta marrazkiak egiten zituzten leizezuloetan. Harrizko erremintak egiten zituzten.

Neolitoan, duela 4.000 urte inguru, nekazaritza eta abeltzaintza hasi ziren zabaltzen Europan barrena. Horren ondorioz, gizakia sedentario bihurtu zen eta lehen herrixkak eraikitzen hasi ziren. Buztingintza eta artea garatzen hasi ziren.