Wikipedia, Entziklopedia askea

Frantziako Tourra

2020ko Tourreko azken etapa.

Frantziako Tourra (frantsesez, Tour de France) munduko txirrindularitza-lasterketa ospetsuena da, eta txirrindulari onenek hartzen dute parte. Errealitatean, txirrindulariek parte har dezakete beraien taldeak gonbidatuak badira. Tourra urtero uztailean korritzen da hiru astez, Frantziako errepideetatik, baina batzuetan Belgika, Italia, Alemania edo Espainian ere egiten da etapa oso bat edo zati bat. Normalean, 3.600 kilometro inguru izaten ditu urtero eta etapa lauak eta menditsuak ditu. Ibilbidean jende asko biltzen da lasterketa ikusi eta txirrindulariak animatzeko.

Nola antolatzen da?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantziako Tourra kirol-proba gogorrenetako bat da. Tourraren barruan errepideko lasterketa luzeak eta kronometratutako probak daude, erlojupekoak, non txirrindulariak banaka ateratzen diren, eta ez denak batera. Txirrindulari oso gutxi nabarmentzen dira mendiko igoeretan eta erlojupeko probetan.

Frantziako Tourra, 2006ko ibilbidea.

Lasterketa 20 etapa izaten ditu, bakoitza egun batekoa. Batzuetan, etapa batetik bestera, txirrindulariak trenez, autobusez edo baita hegazkinez ere joaten dira, oso urruti egoten direlako. Bi atseden-egun daude lasterketan zehar eta azken etapa beti Parisen amaitzen da.

Nahiz eta irabazlea beti txirrindulari bakarra izan, Tourra talde-kirola da. Urtero hogei taldek hartzen dute parte. Talde bakoitzean bederatzi txirrindulari egon ohi dira. Taldekideek modu desberdinetan laguntzen diote elkarri; txirrindulariek ezingo lukete lasterketa irabazi haien taldekideak gabe. Talde bakoitzeko txirrindulari onena lasterkari nagusia izateko aukeratzen dute; askotan, taldeko beste txirrindulariak haren aurrean jartzen dira haizea blokeatzeko. Edo txirrindulari nagusiari bizikleta apurtzen bazaio, beste txirrindulari batek eman diezaioke bere bizikleta edo gurpila. Taldekideek liderra erritmo azkarrean eramaten laguntzen dute.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantziako Tourra lehen aldiz 1903an korritu zen. Kirol-egunkari bateko editoreak, Henri Desgrange frantsesak, bere egunkariari publizitatea egiteko lasterketa bat egin nahi zuen. Egunkariak 19 egun iraun zituen lasterketa bat babestu zuen eta 2.500 kilometro egin ziren. Arrakasta handia lortu zuen.

1903tik Tourra urtero korritu da, Lehen eta Bigarren Mundu Gerretan izan ezik. Denborarekin, ibilbidea aldatu egin zen eta luzeagoa bihurtu zen. 1910ean Pirinioetako etapa bat gehitu zen. 1911n ibilbidea Frantziar Alpeetatik pasatu zen. 1919an Desgrangek maillot edo elastiko hori bat eman zion egunaren amaieran lider orokorra zenari. Ohitura horrek gaur egun jarraitzen du.

Tourraren historian hainbat txirrindulari ospetsu egon dira. Lau txirrindularik bost aldiz irabazi dute lasterketa: Jacques Anquetil frantsesak (1957 eta 1961-64), Eddy Merckx belgikarrak (1969-72 eta 1974), Bernard Hinault frantsesak (1978-79, 1981-82 eta 1985) eta Miguel Indurain nafarrak (1991-1995). Txirrindulari ospetsuena Lance Armstrong estatu batuarra da, zazpi aldiz jarraian irabazitik zuelako lehiaketa (1999tik 2005era bitarteko tour guztiak), inork inoiz lortu gabeko marka berri bat. Hala ere, 2012an tituluak kendu zizkioten, irabazteko drogak erabili zituela leporatuta.