Txikipedia:Frida Kahlo

Wikipedia, Entziklopedia askea
👶
Jaiotza
1907ko uztailaren 6a
Coyoacán (en) Itzuli eta Mexiko Hiria
💀
Heriotza
1954ko uztailaren 13a
Coyoacán (en) Itzuli eta Mexiko Hiria
🔨
Lanbidea
margolari
📷
Argazkiak
ikusi
Frida Kahloren erretratua.

Magdalena Carmen Frida Kahlo y Calderón (1907ko uztailaren 6a – 1954ko uztailaren 13a), Frida Kahlo izenez ezaguna, margolari mexikar bat izan zen. Haren artelan surrealista eta oso pertsonalengatik zen ospetsua.

Diego Rivera margolari arrakastatsuarekin ezkondu zen.

Coyoacan-en jaio zen, Mexiko Hirian. Txikitan, 6 urterekin, polioaren gaitzak elbarri utzi zuen. Batzuek uste dute arantza bifido izeneko bizkarrezurreko gaixotasun bat ere izan zezakeela. Medikuntza ikasi zuen, eta mediku bihurtzekotan zen, baina, 18 urte zituela, trafiko-istripu bat izan zuen. Horren ondorioz, larri zauritu zen eta min handiko boladak jasan zituen bizitza osoan. Istripuaren ondoren, Kahlok utzi egin zituen medikuntza-ikasketak, eta margotzeari ekin zion. Berari gertatutakoak izan zituen inspirazio-iturri. Haren margolanak maiz harrigarriak dira, sufrimendua eta emakumeen bizitza gogorra erakusten dute-eta; bereziki, umeak eduki ezinak eragiten zion mina.

Egin zituen 143 margolanetatik 55 autorretratuak dira. Mexikoko kultura indigenak ere izan zuen eragina haren lanetan; batez ere, kolore bizietan ikusten da hori. Horrez gainera, errealismoaren eta sinbolismoaren eragina ere badute. Kahloren margolanek Diego Rivera artistaren arreta bereganatu zuten, eta, gero, ezkondu egin ziren. Kahlok argiki adierazten zuen bisexuala zela, eta komunista ere bazen. Coyoacanen hil zen, biriketako enbolia baten ondorioz.

Kahloren obra «surrealista» dela esan ohi da; baina, surrealista europarrekin erakusketak antolatu zituen arren, berak ez zuen terminoa gustuko. Emakumezkoen gaiekiko interesa zuenez, eta zintzotasunez margotzen zuenez, feminismoaren ikur bihurtu zuten XX. mendeko azken hamarkadetan. Orain, haren jaioterriko etxea Frida Kahlo Museoa da, non artistaren zenbait obra biltzen diren.