
Ganbera-musika musika klasiko mota bat da. Instrumentu talde txiki baterako (orokorrean 2 eta 9 musikarirentzat) idazten da eta ez da zuzendaririk behar, orkestra handietan ez bezala.
Musika mota honek horrela du izena jauregietako eta nobleen etxeetako ganbera eta geletan jotzen zelako, kontzertu-areto handietan izan ordez. Orkestretan hainbat musikarik zati bera jotzen badute, ganbera-musikan ordea, jotzaile bakoitzak bere melodia jotzen du.
Gaur egun, ganbera-musikak bizirik dirau eta mundu osoko artistek jotzen dute, musika honen komunikazio hurbila eta adierazkorra mantenduz.
Historia eta bilakaera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ganbera-musika Errenazimentuan (XV. eta XVI. mendeak) sortu zen, musikariek bilera pribatuetan jotzen zutenean. Barrokoan (XVII. mendean), oso ezaguna izan zen sonata a tre deritzona: bi instrumentu melodikoz eta jarraikako baxu batez osatuta zegoen. Baina Klasizismoan (XVIII. mendean) musika mota honek bere osperik handiena lortu zuen, konposizio sofistikatuagoak eta adierazkorragoak egin ziren eta.
Erromantizismoan zehar (XIX. mendea), konpositoreek emozio sakonagoak landu zituzten, honi esker obra adierazkorragoak eta desafiatzaileak sortu zituzten. XX. eta XXI. mendeetan ganbera-musika are gehiago dibertsifikatu da, teknika berriak eta estilo modernoak txertatuz.
Ganbera-talde ohikoenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hainbat motatako ganbera-musika talde daude, besteak beste:
- Bikotea: bi instrumentu, biolina eta pianoa, adibidez.
- Hirukotea: hiru instrumentu, piano trioa (biolina, biolontxeloa eta pianoa), adibidez.
- Laukotea: bi biolin, biola bat eta biolontxelo batez osatutakoa da famatuena.
- Boskotea: bost instrumentu, adibidez haize-boskotea (txirula, oboea, klarinetea, fagota eta tronpa) edo hari-boskotea (hari-laukoteari kontrabaxu bat edo bigarren biolontxelo bat gehitzen zaio).
Konpositore garrantzitsuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Munduko konpositore garrantzitsu askok idatzi dute ganbera-musika. Horien artean:
- Joseph Haydn (1732-1809): “Hari-kuartetoaren aita” ezizenez da ezaguna, 68 kuarteto idatzi zituen eta ganbera-musikaren forma klasikoa definitu zuen.
- Wolfgang Amadeus Mozart (1756-1791): Edertasun eta oreka handiko hari-kuartetoak, kintetoak eta trioak idatzi zituen.
- Ludwig van Beethoven (1770-1827): Bere hari-kuartetoak maisulantzat jotzen dira, eboluzio emozional eta teknikoa azaltzen dute eta.
- Franz Schubert (1797-1828): Melodiaz eta emozioz jositako obrak idatzi zituen, Der Tod und das Mädchen kuartetoa adibidez
- Johannes Brahms (1833-1897): Aberastasun armonikodun kuartetoak eta kintetoak sortu zituen.
- Claude Debussy (1862-1918) eta Maurice Ravel (1875-1937): Kuarteto berritzaileak idatzi zituzten, kolore eta sonoritate inpresionistak zituztenak.