Gaztelania edo espainiera hizkuntza Hizkuntza erromaniko bat da, latinetik sortutakoa, alegia. Munduko leku askotan hitz egiten da, baina Espainian du jatorria, Gaztela izeneko lurraldean zehazki; horregatik deitzen zaio gaztelania. Espainiatik kanpo, Ameriketako herrialde askotako hizkuntza nagusia da, espainiarrek han inposatu zutelako hango jatorrizko herriak menderatu zituztelako. Afrikako eta Asiako toki batzuetan ere badaude espainieradunak, baina egoera ahulean dago.
Mundu osoan, 442 milioi lagunen lehen hizkuntza da, gutxi gorabehera; hori dela eta, munduko hizkuntza guztien artetik, hiztun gehien duen bigarrena da, txineraren ondoren. Gaur egun, ingelesarekin batera, munduan gehien ikasten den atzerri-hizkuntza da (uste da mundu osoan 22 milioi lagun ari direla espainiera ikasten).
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mendebaldeko Erromatar Inperioa amaitu zenean, latina poliki-poliki aldatzen joan zen leku guztietan; momentu batetik aurrera, desberdintasun gero eta handiago horien ondorioz, beste hizkuntza batzuk sortu ziren, latina hitz egiten zen lurraldeetan. Iberiar penintsulan, latinean oinarritutako hizkuntza batzuk sortu ziren; haietako bat da gaztelania, Gaztelan sortu zena, hain zuzen, gaur egungo espainieraren sorburua.
Filologoen arabera, gaztelania Gaztelako iparraldean sortu zen, Kantabria eta Burgos artean, beharbada euskararen beraren eragin batzuekin. Iritsi zaizkigun lehen gaztelaniazko testu idatziak IX. mendekoak dira: Valpuestako kartularioak. Leku askotan esaten da oraindik X. edo XI. mendeko Donemiliagako glosak direla gaztelaniaz idatzitako lehen testuak, baina ez da egia: testu horretako hizkuntza erromanikoa ez da gaztelania, nafar-aragoiera baizik seguruenik.
Geroago, Alfontso X.a Gaztelako erregearekin, kultura-hizkuntza bihurtzen hasi zen; testu garrantzitsuak latinez idazten ziren oraindik, baina gaztelania gero eta gehiago hasi zen erabiltzen literaturan eta gortean. Hortik aurrera, Erdi Aroko azken mendeetan, gaztelania penintsularen hegoalderantz zabaldu zen, kristau erreinuek musulmanen esku zeuden lurraldeak konkistatu ahala.