Geometria matematikaren adar bat da, gauza eta espazioen formak, tamainak, posizioak eta dimentsioak aztertzen dituena. Hitzak jatorri grekoa du eta "lurraren neurketa" esan nahi du (geo = lurra, metria = neurtu). Zientziarik zaharrenetariko bat da: hasieran, batez ere formen luzera, azalera eta bolumena aztertzen ziren (adibidez, lursailen azalerak neurtzeko), eta haien artean honako hauek:
- puntuak
- lerro zuzenak
- kurbak
- perimetroak
- azalera: poligonoak (triangeluak, laukiak, pentagonoak...)
- bolumenak
Geometria laua eta ez-laua bereizten dira: geometria laua forma edo irudi lauak (adibidez, triangeluak, laukiak, zirkuluak) aztertzen dituena da, hau da, paper-orri batean (bi dimentsiotan) marraztu daitekeena da; eta ez-laua, hiru dimentsio dituzten objektuak (adibidez, esferak, kuboak, piramideak) aztertzen dituena.
Geometria lauari geometria euklidiarra ere deitzen zaio, Euklidesen omenez, bera izan baitzen lehen aldiz testu idatzietan aztertu zuena.
Erabilerak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Geometria laua irudi lau baten azalera eta perimetroa neurtzeko erabil daiteke; geometria ez-laua, berriz, gauza solido baten bolumena eta azalera neurtzeko. Adibidez, honako hauek kalkulatzeko erabiltzen dugu:
- gela baten azalera kalkulatzeko (adibidez, zenbat pintura erabili behar dugun jakiteko)
- kutxa baten bolumena (zenbat gauza sar ditzakegun kalkulatzeko)
- lursail baten ertzaren luzera (perimetroa) ezagutzeko (adibidez, zenbat hesi jarri behar ditugun jakiteko)