Wikipedia, Entziklopedia askea

Gizarte ongizate

Osasun publikoa gizarte-ongizatearen zati bat da.

Ongizatea deitzen diogu pertsona batek bizi-kalitate ona izateko behar dituen baldintza multzoari. Baldintza horiei esker pertsona hori lasai eta pozik bizi daiteke.

Gizarte-ongizatean, beraz, gizarte bat osatzen duten pertsonen ongizatean eragin positiboa duten gauzak daude: lanpostu duina izatea, beharrak asetzeko diru nahikoa, etxebizitza, hezkuntzarako edo osasun-zerbitzuetarako sarbidea, aisialdirako denbora etab. Ongizatearen ideia subjektiboa izanda ere (pertsona batentzat ona dena agian ez da ona beste batentzat), gizarte-ongizatea faktore ekonomiko objektiboei lotuta dago.

Adibidez: herrialde batean ohiko (lau pertsonako) familia batek 1.000 euro behar baditu bere oinarrizko behar ekonomikoak asetzeko, zifra hori baino diru gutxiago irabazten duten familiek ez dute gizarte-ongizaterik izango. Gertagarria da, beraz, 800 euro baino gutxiago irabazten dituen familia batek elikadura-arazoak edota bizitza-kalitate baxuagoa izatea.

Hori dela eta, zifra horren atzean, ondo bizitzeko bete behar diren helburuen zerrenda bat ezkutatzen da, eta, orokortze guztietan bezala, ez dira kontuan hartzen pertsona bakoitzaren behar pertsonalak edo bereziak; horren ordez leku horretan bizi den jende guztia talde berean sartzen da. Beraz, sortzen den galdera honako hau da: lau pertsonako familia bat bizi al daiteke beren herrialdeko gobernuak ezartzen duen gutxienekoa baino diru gutxiagorekin? Baliteke, baina hor jakin beharko genuke zein kantitateri buruz ari garen hizketan eta lurralde jakin horren egoera ekonomikoa zein den.

Estatuak hiritar guztien gizarte ongizatea sustatu behar du. Horretarako neurri politikoak hartu behar ditu merkatu kapitalistak ekartzen dituen desberdintasunak saihesteko. Gizarte-ongizatea lortzeko beharrezko baldintzak dira zerbitzu publikoak dohainik eta askeak izatea eta errenta birbanatzea. Zerbitzu publiko garrantzitsuenak gizarte-segurantza, osasun publikoa eta hezkuntza dira.

Gizarte-ongizatea maila sozial guztiengana iristeko aberastasuna beharrezkoa da (estatuaren gastuak behar bezala ordaindu ahal izateko); beraz, gobernuak bere herrialdean aberastasuna sortzen dela ziurtatzeaz ere arduratu behar du. Eta beharrezkoa da baita ere aberastasun hori modu justu batean banatzeko neurriak hartzea; horretarako txirotasunaren eta desberdintasun sozialen aurkako neurriak hartu behar dira. Neurrien artean honako baldintza hauek ezartzen dituen sistema bat egon daiteke: osasuna, langabezia asegurua eta pentsioen asegurua. Beharrean dauden pertsonei “laguntzea” beste aukera bat da, haiei beren dirusarrerak handitzeko laguntza ekonomikoak emanez eta, era horretara, eguneroko bizitzan izan ohi dituzten arazoei aurre egiten lagunduz (etxebizitza ordaintzeko laguntzak, zerbitzu publiko nahiz pribatuetara joateko tarifa murrizketak etab.).

Historia apur bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bigarren Mundu Gerraren ostean, herrialde askotan gobernuek Ongizate-estatua martxan jarri zuten, batez ere gerraren suntsipenaren ondorioz larriki kaltetuak izan ziren Europako herrialdeetan. Estatu Batuetan Franklin Delano Roosevelt eta John Fitzgerald Kennedy presidente demokratek hartutako neurri sozial eta ekonomikoak ere Ongizate-estatuaren barruan daudela esan daiteke.

Baina 80ko hamarkadatik aurrera, Estatu Batuetan Ronald Reaganen eta Erresuma Batuan Margaret Thatcheren gobernuekin, eta Frantziako zenbait gobernu eskuineko nahiz ezkerrekorekin, talde politiko neoliberalek Ongizate-estatua desegin nahi izan dute, eta hark ematen zituen zerbitzuak sektore pribatura desbideratu. Talde horiek Ongizate-estatua finantza publikoetarako garestiegiak izatea kritikatzen dute, zergetan oinarritzen da eta; haien arabera horrek zerbitzuen eta ondasunen kostua handitzen du eta mundu mailako lehiakortasunean sartzea zailago zaie. Pentsamolde-mota horrek gizarte-ongizatea eraginik gabekoa dela diote, onuradunen arduragabekeria sustatzen duela salatuz, izan ere, haien arabera, estatuaren laguntzen erruz pertsona horiek ez dute nahiko ahaleginik egingo beren egoera beren kabuz hobetzeko.