Wikipedia, Entziklopedia askea

Godo

Alariko errege bisigodoa Atenasen sartzen.

Godoak antzinako herri germaniar bat ziren; Erromatar Inperioa inbaditu zuten, eta azkenean haren gainbehera eragin zuten arrazoietako bat izan ziren. Jatorriz Eskandinaviako hegoaldekoak ziren, eta II. mendean hegoalderantz mugitzen hasi ziren. Hasieran Itsaso Baltikoaren hegoaldeko kostara emigratu zuten eta, beste talde germaniar batzuk garaitu ondoren, bertan finkatu ziren. Bi godo talde zeuden: bisigodoak eta ostrogodoak.

Kultura eta gizartea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromatarrek godoei «barbaroak» deitzen zieten, inbaditzaile atzerritarrak zirelako. «Barbaro» hitzak berez zibilizazio grekokoa edo erromatarrekoa ez zen pertsona oro esan nahi zuen. Beranduago, barbaroak deitzen jarraitu zitzaien erromatar zibilizazioa eta kultura suntsitu zituztela kontsideratzen zelako. Hala ere, godoek erromatar eragina erakusten zuen artea sortu zuten. Adibide bat Teodoriko errege gotikoaren hilobia da. Italian eraiki zuten 520. urte inguruan.

Godoek erlijio kristaua bereganatu zuten. Ulfilas izeneko jakitun godoa 40 urte baino gehiago egon zen lanean alfabeto gotiko bat sortzeko. Ulfilasek IV. mendean Biblia itzuli zuen.

Bisigodoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

III. mendean, godoek Asia Txikia eta Europako hego-ekialdean zeuden Erromatar Inperioko hainbat lurralderi eraso zieten. 270 eta 275 urteen artean, godoek erromatarrak behartu zituzten Europan zituzten lur batzuk uztera. Lur horietan finkatutako godoak «bisigodo» izenarekin ezagutzen ziren. Beranduago, lur bisigodoen barruan gaur egungo Frantziaren, Suitzaren eta Espainiaren zati handiak sartzen ziren.

Hasieran, bisigodoak Erromatar Inperiotik kanpo bizi ziren eta erromatar lurrei maiz eraso egin zieten. Beranduago, Asiako herri nomada batek, hunoek, 376. urtean bisigodoei eraso zieten. Arrazoi horrengatik bisigodoak Erromatar Inperioaren barnealdera mugitu ziren eta erromatarrekin akordioak egin zituzten Inperioa defendatzeko, lurren truke. Baina ez ziren akordio horiek errespetatu, eta azkenean bisigodoek erromatar armada garaitu eta erromatar enperadorea hil zuten 378. urtean. 382. urtean erromatar enperadore berri batek bisigodoekin akordio bat egin zuen. Lurrak eta Inperioaren mugak defendatzeko ardura eman zizkien.

395. urtean erromatar enperadorea hil ondoren, bisigodoen erregeak oraingo Italiara zuzendu zituen. 401. urtetik aurrera askotan eraso zioten Italiari. 410. urtean Erroma konkistatu zuten eta oraingo Frantziara eta Espainiara mugitu ziren.

507. urtean, frankoek, hizkera germaniarreko herriak, bisigodoak garaitu zituzten. Bisigodoek Frantzian zituzten ia lur guztiak galdu zituzten. Espainiako eremu askotan agintzen jarraitu zuten, 711. urtean musulmanek bisigodoak inbaditu eta garaitu zituzten arte.

Ostrogodoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Godoen beste taldea, hau da, ostrogodoak, gaur egungo Ukrainan finkatu ziren. Inperio handi bat osatu zuten. Erresuma horren momenturik garrantzitsuena Ermanariko erregearen agintaldian iritsi zen. Hala ere, hunoek inperioa konkistatu zuten. Orduan Ermanariko erregeak bere buruaz beste egin zuen. Ostrogodoek Atila hunoen erregearen jarraitzaile zen talde handiarekin bat egin zuten. 455. urtean hunoen inperioa erori zen. 30 urte inguru beranduago, ostrogodoek Italia inbaditu zuten eta zenbait urtez gerran egon ziren. Teodoriko erregearekin ostrogodoek Italia bereganatu zuten.

Teodorikok Italiako erresuma gotikoa ezarri zuen. 526. urtean hil zen. Justiniano izeneko enperadore batek 535. urtean gerra deklaratu zien ostrogodoei Italia kentzeko. Gerrak ia 20 urte iraun zituen eta herrialde osoan kalte handiak eragin zituen. Azkenean ostrogodoak garaituak izan ziren eta herri gisa desagertu egin ziren.