Wikipedia, Entziklopedia askea

Gurpil

Gurdi baten gurpilak.
Gurpilaren erabileraren eredu adibide bat
Gurpilaren kontzeptu mapa

Gurpila ibilgailuek, makina batzuek eta abarrek duten pieza biribil bat da, ardatz baten inguruan bira egiten duena eta, horrela, ibilgailu horren mugimendua errazten duena.

Gizakiaren aspaldiko asmakuntza da, oso garrantzitsua gizakiaren historian; izan ere, hari esker, gizakiak pisu handiko zamak garraia zitzakeen leku batetik bestera indar gutxiago erabiliz. Lurreko ibilgailu gehienek erabiltzen dituzte gurpilak: autoek, bizikletek, trenek, bai eta hegazkinek ere, aireratzeko eta lurreratzeko.



Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Duela 4.500 urteko gerra-gurdi gurpilduna.

Gurpila duela 5.000 urte baino gehiago asmatu omen zen Mesopotamian, gaur egun Irak dagoen lurraldean. Kolon aurreko Ameriketan ez zuten ezagutzen, ezta Sahara azpiko Afrikan eta Ozeanian ere duela denbora gutxi arte.

Hasieran eltzegileek buztinari forma ematen laguntzeko erabiltzen zituzten. Geroago, gurdietan jarri ziren, eta gauzak errazago mugitzea lortu zuten. Baina, horretarako, ardatza asmatu behar izan zen, gurpika jiratu ahal izateko; gurpilaren erdian zegoen zulo batetik igarotzen zen habea da ardatza; ardatza jiratzean, gurpil osoa jirarazten zue, eta horrela denbora eta energia aurrezten ziren.

Lehenengo gurpiletako batzuk zuhaitz-enborretatik moztutako zurezko disko trinkoak ziren; beste batzuk zurezko ohol laburrekin egiten ziren, batzuk zuzenak eta beste batzuk biribilduak. Lekuren batzuetan, itxura batean, harrizkoak ere erabili ziren, pieza bakarrekoak.

K.a. 2000. urte inguruan, norbaiti ideia bikaina bururatu zitzaion: egur zatiak moztea gurpilak egiteko; horri esker, gurpil arinago eta azkarragoak lortu ziren.

Gurpil erradiodunak geroago agertu ziren eta aurrerakuntza handia izan zen, askoz ere arinagoak zirelako eta, beraz, mugimendua are gehiago errazten zutelako.